'Ireki' ekimena, preso eta iheslariak etxeratzeko langilegoaren bultzada

Ireki izena du langile mugimenduaren barruan sortu duten ekimen berriak. Euskal preso eta iheslarien etxeratzea lortu nahi dute kanpaina honen bitartez, eta horretarako orain arte Euskal Herrian egin den sinadura bilketarik handiena egin nahi dute. Ekainera bitarean 150.000 pertsonaren atxikimendua lortu nahi dute.

Bergarako Ireki ekimenaren bultzatzaileek azaldu dute gatazka bat izan den gainerako herrietan presoak eta iheslariak etxera itzuli direla, eta Euskal Herrian ere hori nahi dutela nabarmendu dute. Horretarako, esan dute, historikoki aldaketa sakonak bultzatu dituen langile mugimendua aktibatu nahi dutela.

Sinadurak batzeko lantegi eta enpresetako komiteekin edo norbanakoekin kontaktuan jartzen ari dira oraingoz, eta aurrerago sinadurak batzeko mahaia kalera ateratzeko asmoa ere erakutsi dute, ospakizun berezietan, esaterako. Ekainaren 17ko epemuga hori gainditzean hurrengo pausuak zeintzuk izango diren azaldu dute bultzatzaileek.

Ondoren, sinadura biltzea bukatzean, Euskal Herri mailako jai bat antolatzeko asmoa agertu dute, eta ondoren sinadurok erakundeetara bidaliko dituzte, "ahalik eta eraginik handiena" izan dezan ekimenak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.