Europako Kontseiluko Toki eta Eskualdeko Agintarien Kongresuko Txosten europarreko gomendioak eta Emakumeek eta Gizonek Tokiko Bizimoduan izan behar duten Berdintasunerako Europako Gutunetik eratorritako konpromisoak onartzen ditu EUDELen adierazpenak, baita Emakume eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legean ezarritako betebeharrak ere, eta tokiko esparruetatik zortzi printzipio sustatzeko konpromisoa hartu gura du, politikan emakumeen parte-hartzea eta ordezkaritza bultzatzeko.
Besteak beste honako hauek dira konpromisoak: ordezkaritza orekatua izatea kontsultarako eta erabakiak hartzeko organoetan; funtzioak eta eskumenak esleitzerakoan estereotipoak saihestea; kontziliazio-neurriak martxan jartzea edo/eta indartzea, edota emakume hautetsien jabekuntza indibidual eta kolektiboa sustatzeko espazioak eta sareak sendotzea.
Emakume alkateak %24,7 EAEn
EUDELen Batzorde Eragileak otsailaren 9an onartu zuen adierazpen hori. Eta honako hau azaltzen du: "Udalgintzan, EAEko udaletako %24,7an soilik daude emakume alkateak, eta euskal herritarren %18,82 ordezkatzen dute. 2015ean, alderdi politikoek %32,58an soilik aukeratu zituzten emakumeak hauteskunde-zerrendetako zerrendaburu, eta, iraunkortasunari dagokionez, emakumeek abiadura motelagoan igo ohi dira mailaz, baita lidergoan denbora gutxiago iraun ere".
Hori horrela, agente sozialei eta alderdiei eskari zuzena egin gura izan diote: "Emakumeen parte-hartze sozial eta politikoa indartzeko xedez, alderdi politikoei eskaera egiten diegu konpromiso hauek beren gain har ditzaten eta beste eragile politiko eta sozialentzat ereduzkoak diren neurriak har ditzaten".