Katapulta Tour Gipuzkoa 2017 musika eta arte eszenikoen zirkuituaren aurtengo edizioa aurkeztu da Donostian. Zirkuitu honetan, hautatutako taldeek eta artistek beren lana erakutsi ahal izango dute Gipuzkoan zehar, eta bertan sartzen dira ere Gaztemaniak programako kontzertuak eta Donostiako Jazzaldian egiten den hemengo taldeen lehiaketakoak. Programaren helburua artista hasi berriei zein kultur esparrua dinamizatu eta programazio egonkorra duten espazioak ezagutzera ematea da eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamenduak eta Buenawista Prolleckziom’s musikarien elkarteak sustatu dute. Gainera, Kutxa Kultur Musika programa, Jazzaldia eta Donostia Kulturako Antzerki Unitateak ere parte hartu dute aukeraketa prozesuan.
Urte osoan zehar 42 saio antolatuko dira Gipuzkoako herri desberdinetan, tartean, Arrasateko Amaia Antzokian eta Oñatiko Gaztelekuan. Gaztemaniak programan 10 kontzertu ere antolatuko dira eta talde profesionalekin batera bertako artistek ere parte hartuko dute, eta Jazzaldian 20 emanaldi izango dute bertako artistek. Izan ere, Gipuzkoako artistei lehentasuna eman diete deialdian eta baita hautaketa egiterako orduan ere. Zirkuituan, Katapulta Tour Gipuzkoak aukeratutako hemengo 8 artistak hartuko dute parte (4 arte eszenikoetakoak eta beste 4 musikakoak); Kutxa Kultur Musikak aukeratutako 6 musika taldek, eta Jazzaldian parte hartuko duten 20 taldeak. Hautaketa egiterakoan, hainbat faktore uztartzeko ahalegina egin da, besteak beste, gaztetasuna, lurraldetasuna, generoa eta kalitatea.
Amaia Arriaran Bergararra hautatutakoen artean
Berriz Topatzean izeneko obra Amaia Arriaran Bergararraren eta Nerea Ariznabarreta Eibartarraren obra izan da Katapulta Tour zirkuituan parte hartzeko hautatuetako bat. 2015ean estreinatu zuten obra gazteleraz eta 2016ko urrian Getxoko Antzerki Arinean estreinatu zen euskaraz. Eduardo Viladesen testu batean oinarritzen da obra eta bi lagun dentistatik irtetean ezustean topatzen direnean gertatutakoak kontatzen ditu, bietako bat hamaika urte bestearen aurkako mendekua gertatzen pasatu ostean.
Amaia Arriaran saltsa askotan dabilen bergararra da, Oihulari Klownen antzerkia egiten, Diego Calavia magoarekin batera magia ikuskizunak egiten, Zurrumurru Antzerki Taldearekin kolaboratzen eta kontalari bezala hainbat saio egindakoa da. Arrasate Musikal Big Band-eko abeslaria ere bada.