Sailkapenaren goiko postuetan borrokan dabiltzan bailarako bi taldeek partidu garrantzitsuak izan dituzte gaur, biak ala biek, etxean.
Mondra erraz gailendu zaio Vasconia taldeari (5-0). Lehenengo golak polemika ekarri du. Izan ere, jokoz kanpo posible bat dela eta, talde donostiarrak burua galdu du eta entrenatzailea kaleratu du epaileak. Partidua baldintzatu duen jokaldia izan da hori eta, hortik aurrera, Mondra jaun eta jabe izan da zelaian. "Partidu borobila egin dugu. Azkeneko partiduetan berdinketa gehiegi eskuratu ditugu eta garaipenaren bila atera gara. Partiduaren kontrola nahi genuen eta lortu dugu, ez gara itsutu", adierazi du Josu Zubia entrenatzaileak.
Partidua bukatzear zela, Vasconiako jokalari batek sarrera itsusia egin dio Mondrako bati. Hori ikusita, Mondrako beste jokalari bat oldartu egin zaio Vasconiako jokalariari eta ondorioz, epaileak Mondrako bigarren jokalari hori eta sarrera egin duena kaleratu ditu.
Mondrako entrenatzaileak, gertatutako horretaz gain, partiduan zentratu nahi izan du eta gaineratu du "oso pozik" dagoela taldea egiten ari den denboraldiarekin.
Golpea UDArentzat
UDAri dagokionez, partiduaren zati handi batean irabazten joan ostean, berdinketarekin konformatu behar izan dute aretxabaletarrek. Partidu hasieran Jokin Vadillok sartutako golari esker aurreratu da UDA. Hala ere, partidua amaitzear zela, Aritz Lujanbiok berdinketaren gola egin du hernaniarrentzat.
Jokin Etxabe UDAko jokalariaren esanetan, garaipena merezi izan dute. "Baloiaren jabetza beraiena izan da partidu guztian zehar, baina aukera garbienak guk sortu ditugu. Hala ere, barkatzen duzunean, horrelakoak gertatzeko arriskua dago", azaldu du.
Sailkapeneko goialdean zeuden bi taldeak partidua hasi aurretik, eta bientzat zen garrantzitsua garaipena. Hala, aretxabaletarrek aukera polita zuten hiru puntuak eskuratu eta aurkari zuzena den Hernani sailkapenean berdintzeko. "Aukera polita genuen aurrean, baina Hernani talde gogorra da, beti kostatu izan zaigu haiei irabaztea", azpimarratu du Etxabek. Hala ere, gaineratu du oraindik asko gelditzen dela eta duten guztia emango dutela helburua lortzeko.
Aloña Mendik berdinketa
Atzo, zapatua, berdinketa eskuratu zuen Aloña Mendik Deban, Amaikak Bat taldearen aurka. Mikel Palaciosek egindako golari esker, aurreratu egin ziren oñatiarrak, partiduaren hasieran. Hala ere, bigarren zatiaren erdi inguruan, epaileak penaltia adierazi zuen etxeko taldearen alde, korner batean. Penaltia gauzatu zuten debarrek eta partidua banako berdinketarekin amaitu zen. Gauzak horrela, jaitsiera saihesteko borrokan jarraitu beharko dute Gotzon Urtzelairen mutilek.
Datorren asteko aurkariak
25. jardunaldia izango da datorren asteburuan jokatuko dena. Hala, Mondrak Mutrikuren etxean jokatuko du eta UDAk, berriz, gaur Arrasaten galdu duen Vasconia. Oñatiarrek etxean jokatuko dute, Beti Gazte taldearen aurka.