Jose Ramon Unzurrunzaga: "Oso pozik nago sariarekin, egindako lanaren onarpena da"

Oihana Elorza Gorostiza 2017ko mar. 5a, 19:24
Ainhoa Borrero eta Jose Ramon Unzurrunzaga saria eskuetan dutela, Madrilen

Euskal Autonomia Erkidegoko saltzaile onenaren saria jaso du asteburuan Jose Ramon Unzurrunzaga oñatiarrak ONCE erakundearen eskutik. Gipuzkoakoa jaso zuen duela lau urte, eta EAEkoa egubakoitzean. Madriletik bueltan trenean datorrela erantzun ditu galderak.

Zorionak.

Eskerrik asko. Oso pozik nago. Egindako lanaren aitorpen moduan hartzen dut saria, eta oso pozik nago.

Zenbat saldu duzu sari hori irabazi ahal izateko?

Ez dute saldutako kupoi kopurua bakarrik kontuan hartzen. Esaterako, bezeroei ematen diozun tratua, enpresari egindako ekarpenak, lanerako jarreran... gauza asko hartzen dituzte kontuan. Salmentei buruz ere, ONCEk produktu asko ditu: eguneroko kupoia, super ONCE, hazkatu behar diren txartelak... Ditugun produktu guztiak zela eta zenbat saltzen ditugun hartzen dute kontuan. Egia esan ez dakit esaten zenbat saldu dudan urtebetean, baina bataz bestekoa gainditu dudala badakit, bai.

Saldu dituzuen produktu gehienak, baina, bailaran saldu dituzu, ezta?

Bai, hori hala da. Martxoaren 8an, eguaztenean, 18 urte beteko dira ONCEn lanean hasi nintzela eta Debagoienean ibili naiz: Oñatin lehenengo, gero bederatzi urte egin ditut Arrasaten eta azken zortzietan Eskoriatzan. Hala ere, egubakoitzetan Oñatira joaten naiz lanera.

Non egin duzue ospakizuna? Nolakoa izan da?

Laguntzaile batekin etortzeko gonbidapena jaso nuen eta Ainhoa Borrero eta biok joan gara Madrilera. Egubakoitz eguerdian iritsi ginen eta arratsaldeko ongietorriaren ostean, gauean egin zen sari banaketaren jaialdia hango hoten batean. Espainiako irrati batek zuzenean eman zuen ekitaldia, ni ere elkarrizketatu ninduten! 22 lagunek jaso dugu saria, eta banan banan deitu ziguten saria eskura emateko.

Gipuzkoako saria ere jasotakoa zara.

Duela lau urte deitu zidaten esaten EAEkoa irabazi nuela baina saria jasotzeko hamar bat egun falta zirenean deitu zidaten esaten erratu egin zirela eta beste bati eman zioten; nik Gipuzkoakoa jaso nuen orduan. Orain, beste bost urtetan ezin dut jaso sari hau, horrelaxe du erabakita enpresak.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak