Jabier Larrañaga Ogasun eta Finantza diputatuak eman du horren berri Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantza batzordean. "Erreforma teknikoa" dela adierazi du, eta azpimarratu gura izan du "zerga iruzurraren aurkako borroka lehentasunen artean dutela".
Hainbat zerga zigor "gogortzea" aurreikusi dute "eraginkortasuna irabazteko" helburuarekin: "Kontabilitatea ezabatu, manipulatu edo suntsitzen dutenen kontrako zigorrak gogortzen dira, bai eta erabilera bikoitzeko software-aren aurkakoak ere", adierazi du diputatuak. Profesional edota enpresen kontabilitatearen manipulazioak negozio zifraren %20ko isuna izango du, 30.000 euroko gutxiengoarekin. Jarduera bakar baten kontabilitate ezberdinak daramatzatenen kontrako zigorrak 30.000 eurotara igotzen dira, Larrañagak azaldu duenez. Faktura ez ematea, bestalde, 1.000 euroko isunarekin zigortuko da, ematen ez den aldi bakoitzeko. Ekintza hauek iruzurraren aurkako "estrategia integral" baten barruan kokatu ditu Aldundiak.