Ohorezko Erregional mailako Aloña Mendi jaitsiera postuetan dago, eta liga amaitzeko hamabi jardunaldi falta dira. Horietatik zazpi etxean jokatuko dituzte, eta partidu horietan Azkoagain gotorleku bilakatu gura dute. Geratzen diren 12 partiduetatik zazpi etxean jokatuko dituztela kontutan hartuta, Azkoagain faktorea-n jarri dute esperantza oñatiarrek. Batasunerako deia eginez, #EutsiAloña izena daraman kanpaina abiaraziko du zuzendaritzak, domekako partidutik, liga amaiera bitartean. Hala, 7x3=21 puntu leloarekin, 21€euro balioko duen abonua jarriko dute salgai domekan bertan. Izan ere, Aloña Mendik sailkapenaren erdialdean dagoen Oiartzun taldearen bisita izango du domekan (16:30),
Mondrak eta UDAk kanpoan
Sailkapenean kontrario zuzena den Hernaniren kontra jokatuko du Mondrak zapatu arratsaldean (16:30, Hernani), eta UDA Martutenera joango da zapatuan baita ere (16:00), azken sailkatuaren kontra jokatzera. Arrasatekoek zailago izango dute zapatuan herrian aratusteekin gozatzeko, baina aretxabaletarrek egun borobila izan dezakete domekan; horretarako, baina, zapatuan etxerako lanak egin beharko dituzte.
Erregional preferentean atsedena, eta baita emakumezkoetan ere
Bergarak lasai asko ospatu ahal izango ditu aratusteak, erregional preferenteko liderrak atsedena du-eta. Emakumezkoen mailan ere berdin, igoera fasean dagoen Arizmendik ez du partidurik jokatuko, ezta kopan dauden Mondrak eta Bergarak ere.
Antzuola, lider
Lehenengo erregional mailan, berriz, igoera fasea jokatzen dabilen Antzuolak lidergoa defendatzeko helburua du. Joan den astean lehenengo postura egin zuten salto Amara Berriri 2-4 irabazita, eta bihar ere etxetik kanpora jokatuko dute, Errenterian (17:30).
Joan den asteko erretratua, lehenengo postura salto egin berritan. Argazkia: Ibai Zabalo.