Aspalditik daramate Udalak, San Martin Eskolak eta Guraso Elkarteak Zuhaitz eguna elkarlanean antolatzen. Aurten ordea, ekimenari bueltatxo bat eman beste ikuspuntu batetik lantzea erabaki dute.
"Azken 60 urteetan %30tik %80ra pasa da lurzoruaren estalduran zuhaitzek duten presentzia. Ganaduak bere lekua behar du, eta mendi punta ingurutan zuhaitzik gabeko eremuek paisaia polita uzten dute" azaldu du Jon Ugarte Mendi eta Ingurumen zinegotziak. Hori dela eta, baserritarren lanean, eta horrek naturan duen eraginean jarriko dute fokua hemendik aurrera.
Zapatuan lehen irteera
Gaur pago motzekin lotutako bi ikus-entzunezko landuko dituzte lehen hezkuntzako ikasleek, horietako bat Aramaion ikazkin aritutako Basilio Ugarteri buruzkoa izango da.
Bihar goizean 09:30ean San Kristobalera abiatuko dira. "Udalaren jabetzako lur batzuetara joango gara, pagoen adarrak moztera. Asmoa urtero errepikatzea da" azaldu du Ugartek.