Bitik bi garaipen herriko Bertso Eskolakoentzat

Xabi Gorostidi 2017ko ots. 16a, 16:32
Argazkia: Arabako Bertsozaleen Elkartea

2017ko Arabako Bertsolari Txapelketako lehen bi finalaurrekoak Manex Agirrek eta Xabi Igoak irabazi dituzte. Domekan lehen itzuliko azken saioa egingo dute Dulantzin eta Paula Amilburu bere maila onena plazaratzen ahaleginduko da

Aramaioko Bertso Eskolan lan aparta egiten ari dira, eta emaitzak hor daude; bi finalaurreko, bi garaipen. 2017ko Arabako Txapelketan duten ordezkaritza zabala ere horren erakusle da. 18 bertsolaritik sei aramaioarrak dira, baina horretaz gain Iñaki Viñaspre abetxukuarra ere Aramaioko eskolan aritzen da. Guzti hori kontuan izanda, bi finalaurrekotan, bi garaipen, eta bigarren, hirugarren, laugarren eta bosgarren postu bana pilatu dituzte.

Igoa garaile Zigoitian 

Aurtengo txapelketako bigarren finalaurrekoa Zigoitian jokatu zen, sei bertsolarietatik hiru aramaioarrak zirelarik. Bertan Xabi Igoa izan zen puntuaziorik altuena jaso zuena (239 puntu), eta garaipenari esker, bigarren itzuliko 5.finalaurrekoan abestuko du, martxoaren 12an Laudion. Egindako saio borobilari esker, orain arte egindako kantaldietako puntuaziorik onena jaso zuen. "Saioan zehar larri antzean nengoen, eta behin amaituta ez nuen poztasun handirik transmititu ingurukoengan. Baina behin jasotako puntuazioa ikusita, pozik eta itxaropentsu,  bigarren itzulira begira".  

Iñaki Viñaspre ere fin ibili zen eta 230 punturekin bigarren postua eskuratu zuen. Andere Arriolabengoa laugarren geratu zen. Saio gorabeheratsua izan zuela azaldu du. "Oso azkar pasa zitzaidan saioa. Zortziko handian eta bakarka egindako kantaldiekin oso gustura geratu nintzen, baina ez aldiz, puntukako erantzunetan".

Iker Agirreren kasuan, saioak aurrera egin ahala seguruago sentitu zen oholtza gainean. "Blokeatu samar hasi nintzen, baina amaieran pozik bukatu nuen egindako saioarekin" azaldu du.

Paula Amilbururen txanda

Domekan Dulantzin jokatuko da hirugarren finalaurrekoa. Bertan abestuko du Paula Amilburuk, oraindik debutatu ez duen aramaioar bakarrak. Amigdala ebakuntza egin berritan helduko da, eta zalantzak ditu saio osoa eusteko gai izango den. Horrez gain, aurtengo txapelketa beste batzuetan baino gogo gutxiagorekin hartu duela  aitortu du: "Aurten bertso eskoletan irakasle bezala hasi naiz. Afiziotik ofiziora pasatzean, motibazio gutxiagorekin noa txapelketara".

2. itzulia

Dulantziko saioarekin amaituko da fase finaleko lehen itzulia. lehen saioetako garaileek definituta dute 2. itzuliko zein plazatan abestuko duten, eta gainontzeko parte hartzaileek jasotako puntuazioaren arabera abestuko dute batean edo bestean.

Seigarren eta azken finalaurrekoa Aramaion jokatuko da, eta herritarren babesa klabea izan daiteke finalerako txartela lortzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak