Zubietan egitekoa den errauskailua geratzea eskatu duen GuraSOS elkarteak manifestazioa deitu du domeka honetarako. Donostian izango da, eta eguerdiko 12:00etan abiatuko da Donostiako Artzai Onaren katedraletik. Elkarrekin, eta liskarrik gabe, hondakinen gaiari konponbide adostua, eta babes zabalekoa ematea aldarrikatuko dute bertan.
Errauskailuaren ordez, Debagoieneko hondakin bilketa tasa arrakastatsua hedatzea defendatzen du Debagoiena Eredu herri plataformak. Debagoiendarrei Donostiara joateko gonbidapena luzatu diete. Jasangarritasun argudioez gain, erraustegiaren finantzaketa eredua kritikatu dute. "Gehien birziklatzen dutenek garestiago ordainduko lukete sortutako errefusaren tratamendua. Hala, Debagoiena litzateke Gipuzkoako mankomunitaterik kaltetuena, sortutako errefusa tona bakoitza gaur egun ordaintzen duena baino hiru aldiz garestiago ordainduko lukeelako".