Bergarako Usondo parkearen erdian zegoen zuhaitza bota du haizeak bart. Sustraietatik ez baina nahiko behetik bota du behera zuhaitza. Sendoa zen zuhaitza, baina lurreraino botatzeko adina indar izan du atzo gaueko haize zakarrak. Parke horretan zuhaitz gehiago ere badira eta arrama batzuk ere baziren lurrean gaur goizean, baina zuhaitz bakarra bota du lurrera. Parkea itxi egin dute goizean eta arriskurik ez dagoenean zabalduko dute berriro udaltzainek.
Santa Ana parkea ere itxi egin behar izan dute, han ere zuhaitzak bota dituelako haizeak lurrera, parke sarrerako palmera bat, esaterako. Parkearen atzean, Boluko frontoi ondoko igogailuaren xafletako bat ere bere tokitik atera du haizeak. Auzo horretan, gainera, bi akazia handi erori dira duela aste batzuk izandako luiziaren inguruan. Angiozar auzoko baserri bide batzuetan ere jausi dira zuhaitzak, pinuak hain zuzen ere, baina goiz erdirako zabalik zeuden bideak.
Garai enpresako xaflak bidegorrira Oñatin
Garai enpresako sabaitik erori da xafla lurreraino. Justu Kasablankatik San Pedro aldera doan bidegorrira erori da, ziburuak dauden inguru horretara. Sabaian badaude oraindik solte gelditu diren xafla zatiak, ikusi egiten da haizeak nola mugitzen dituen. Kaltea konpontzen ari dira goizetik eta bidegorria ere ahalik eta azkarren zabaltzea gura dute.
Horrez gain, herriko beste hainbat gunetan ere nabaria da oraindik haizeak izan duen indarra. Zañartuko Upain etxetik San Julianera doan bidean pinu handi bat jausi da errepide erdira, eta beste txiki batzuk horren gainera. Ordu batzuetan bidea itxita egongo da.
Larraña auzoko Hirubieta baserriaren ondoan ere gauza bera pasa da; eroritako pinuek itxi dute errepidea.
Udaltzaingoak baieztatu duen moduan, Aldakiño ingurua arriskutsu dago eta aldapa zabalik dagoen arren, kontuz ibiltzeko gomendioa egin dute. Teilatuetatik teilak erori, leihoetako kristalak apurtu eta haizeak etxeko pertsiana bere tokitik atera duela esanaz ere dei asko jaso dituzte Oñatiko udaltzaingoan.