Hirugarren denboraldia estreinatuko du otsailaren 22an Goiena telebistako Galdegazte saioak. Eskualdeko udalek, ikastetxeek eta Goienak elkarrekin landu duten egitasmoa da.
Jokin Bereziartua Goienako kazetariak aurkeztuko du, baina Debagoieneko hamar ikastetxetako 14 eta 18 urte bitarteko ikasleek izango dute, bereziki, elkarrizketaren ardura.
Ikastetxeetatik platora
30 minutu iraungo duen saio bakoitzean, ikasleek aukeratu duten pertsonaia ezagun bat gonbidatuko dute. Hori horrela, besteak beste, Txerra Bolinaga -RIP taldeko kidea-, Aitziber Garmendia aktorea eta Miren Amuriza bertsolaria izango dira aurtengo eskaintzan.
Saioak grabatu aurretik, Bereziartuaren bi ikastaro jasotzen dituzte ikasleek: ikastetxeetan egiten dutena, telebistako elkarrizketa bat prestatzeko oinarrizko gomendioen gainekoa; eta Goiena telebistako egoitzan egiten dutena. "Bigarren denboraldian heldu nion Galdegazte-ri, eta esperientzia ederra izan zen. Ikastaroak oso ondo joan ziren iaz, eta aurten ere ikasleek, oro har, interes handiz jarraitzen dituzte ematen dizkiedan oinarrizko gomendioak. Produkzio lanak ez dira errazak izaten, guztion agendak bateratzea zaila izan ohi delako; hala ere, emaitza ikusita, merezi duen lana da. Gonbidatuek ere, oro har, gustura hartzen dute proposamena. Nerabeen zalantzak gustura erantzuten dituzte eta formatua atsegina zaie", dio Jokin Bereziartuak, Galdegazte-ko aurkezleak.