Lan berriarekin dator Screamers and Sinners taldea

Amaia Txintxurreta Guridi 2017ko ots. 10a, 07:30
Screamers and Sinners taldeko kideak.

The revenge of... El sacamantecas izena dauka argitaratu berri duten bigarren diskoak; asteburuan hiru kontzertu emango dituzte, etxean izango da bigarrena, zapatuan 22:30ean gaztetxean, eta disko berria jendaurrean aurkezteko gogoz daude.

Psychobilly estiloa lantzen dute eta punk-etik zein beste estilo amorratu batzuetatik edaten duen taldea da Arrasateko eta Aretxabaletako musikariek osatzen duten Screamers and Sinners taldea. Are gehiago, saxoa eta armonika ere batzen dituzte beraien eskaintzan. Taldearen estreinako Demon tales diskoak harrera oso ona izan zuen eta Europako hainbat jaialditan aritu ziren. Orain, The revenge of... El Sacamantecas diskoa kaleratu berri dute, Mad Sin eta Ghostmaker taldeetako Andy Laaf alemaniarrak ekoiztua.

Kalean da disko berria

Lau urteko ibilbidearen ostean, gaur egun laukote formatua daramate, eta hamabi kantuz osatutako lana argitaratu berri dute. Hasieratik gehien bat ingelesez abestu izan dituzte kantuak, egiten duten musika estiloa, hizkuntza horrekin lotzen dutelako, eta disko berriko sei abesti dituzte ingelesez, euskarazko bi kantu sartu dituzte, eta gaztelerazko lau. Kantu horien artean, bertsio bakarra sartu dute, RIP taldearen Ahogate kantu ezagunarena.


Etxean grabatu dute diskoa; Arrasaten hasi ziren Shot! estudioan eta Aretxabaletan bukatu dute grabatzen taldeko Karlos Lopez Karlote-k daukan NekroSounds estudioan. Hala ere, Berlingo Andy Laaf ekoizlearen gomendioak izan dituzte eta taldekideendako haren lana “lagungarria, gogorra, baina oso lagungarria” izan da Jagoba Domingo taldekidearen hitzetan. Biniloan eta CD formatuan kaleratu dute lana Belgikako Drunkabilly zigilupean.

Zapatuan, Arrasaten izango dira

Arrasaten bihar, zapatua, aurkeztuko du taldeak lan berria gaztetxean 22:30ean eta egindako lana jendaurrean erakusteko gogoz daude taldekideak. Etxekoekin batera, Moonshine Stalkers taldeak jardungo du, Euskal Herrian egingo duen emanaldi bakarrean. Londoneko hirukoteak Last day on earth diskoa aurkeztuko du eta psychobillya uztartuko dute twist eta rockin' garaikidearekin.

Gaur, egubakoitza, Mutrikuko gaztetxean izango dira 22:30ean, eta etzi Deustun Satelite T tabernan joko dute 13:00ean.

Crap eta Perlata ere disko berriekin

Crap taldeak izen bereko EP berria kaleratu du, eta Perlata taldea, berriz, Nondik hasi lehenengo diskoa amaitzen ari da.

Crap taldea Arrasateko hiru musikarik eta aretxabaletar batek osatzen dute: Borja Perezek (baxua eta koruak), Ander Azkaratek (gitarra eta ahotsa), Iker Azkarragak (gitarra) eta Aitor Barbadillok (bateria). Lau kantu jasotzen dituen lana salgai dago Arrasateko DAT eta Taupa tabernetan eta internet bitartez doan deskarga daiteke Bandcamp.com webgunetik. Hurrengo zuzenekoa hilaren 17an emango dute Zornotzako Ziztada Gunean 20:00etan, beste bi talderekin batera. Uda inguruan berriro sartuko dira estudiora zortzi kantuko disko berria grabatzera.

Perlata taldeko kide guztiak dira Arrasatekoak eta hauek osatzen dute: Maialen Oleagak (baxua eta ahotsa), Jaione Martinezek (biolina eta gitarra), Ane Garaik (gitarra eta ahotsa) eta Ander Morenok (bateria). Betidanik musikarekiko zaletasuna izan duten lagunak elkartu dira eta rock and rolla lantzen dute, beste hainbat estilorekin batera. Lana, Berrizko Lorenzo Records estudioan grabatu dute bi asteburutan eta zortzi kantu jasoko dira;  sei euskaraz eta bi ingelesez. Orain, diskoaren diseinua amaitzen ari dira eta espero dute diskoa hilabete barru argitaratzea eta aurrerago zuzenekoak egiten jarraitzea, lan berria ezagutarazteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak