Jose Mari Erauskin: "Gehiegizko zoru klausula izan duten kaltetuei diru guztia itzuli beharko zaie"

Josu Bilbao Atxutegi 2017ko ots. 10a, 10:06

Kaleratzeak Stop plataformako beste abokatu batzuekin batera hitzaldi informatiboa eskainiko du Erauskinek, gaur, 18:30ean, Kulturaten.

Kaleratzeak Stop plataformarekin kolaboratzen ibiltzen diren hainbat abokatuk hitzaldi informatibo bat emango dute, gaur, Kulturaten, 18:30ean. Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak abenduaren 21ean zoru klausulen eta hipoteka gastuen gainean hartutako erabakiak kontsumitzaileei zer ondorio ekarriko dizkien azalduko dituzte, besteak beste. Izan ere, EBeko Justizia Auzitegiak, zoru klausula baliogabea den erabakietan, kontsumitzaileei diru guztia bueltatu beharko zaiela esan dio Espainiako Auzitegi Gorenari sententzia baten bidez.

Hitzaldia eskainiko duen abokatu bat Jose Mari Erauskin izango da: "Europatik datorrenak zoru klausulekin zerikusia du. Batez ere, Espainiako Auzitegi Gorenak interpretazio oker bat egin zuelako, behin zoru klausulak baliogabeak zirela erabaki zuenean efektuak mugatu zituelako. Hau da, epaileak klausula bat gehiegizkoa den edo ez interpretatu dezake, bere irizpidearen araberakoa delako, eta horren gainean ezin daiteke ezer esan. Epaile batentzat baliogabea izan daiteke edo ez. Hala ere, baliogabea dela esaten duen unetik aurrera datozen ondorioak ez daude bere nahiaren mende, baizik eta legeak ezartzen ditu. Beraz ezin daiteke esan aldi berean klausula bat gehiegizkoa dela baina bakarrik zati bat itzuliko dela. Horrek ez du zentzurik. Gehiegizkoa da ala ez. Ez bada ez zaio ezer itzuliko kontsumitzaileari, eta bada guztia bueltatuko zaio".

Zoru klausulen diru guztia itzuliko zaie kaltetuei?

Epaileak klausula bat gehiegizkoa dela erabakitzen badu, ondorioak legeak markatzen ditu, eta gehiegizko klausula hori inoiz ez dela existitu ulertu behar dugu, ez dagoela jarrita, eta beraz, sortu dituen ondorio guztiak bueltatu behar dira. Beraz, diru guztia itzuli beharko zaie, ez bakarrik kopuru horren zati bat.

Klausulak baliogabeak diren ala ez epaileek erabakiko dituzte?

Hori da. EBko Justizia epaitegiak ez du esan zoru klausulak berez baliogabeak direnik. Albiste hori gaizki saldu zela esango nuke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak