Xabier Urzelai Arrasate
Bigarren astez jarraian ibarrekoen arteko derbia izango da Ohorezko Erregional Mailan, baina oraingoan oñatiarrak (18 puntu) eta aretxabaletarrak (34 puntu) izango dira protagonista. Lehenengo itzulian, Ibarran, Aretxabaletak ez zuen kontrariorik izan, erraz irabazi zioten Aloña Mendiri (3-0); Oñatikoa egiteke zegoen taldea zen, eta Iñigo Velezen Aretxabaletak ondo aprobetxatu zuen hori. Baina ordutik –eta batez ere etxean– Gotzon Urzelairen taldea askoz ere lehiakorrago bilakatu da, eta Aretxabaleta aldean kontutan izango dute hori.
Bada, ikusteko dago derbiak zer emango duen, hiru porroten ostean oñatiarrek garaipena behar dutelako –ikusteko dago Mojategiko kolpetik ondo errekuperatzen diren– eta Aretxabaletak ere ezin duelako barkatzen jarraitu, ligako erreferenteetako bat izaten jarraitu gura badute, behintzat.
Mondrak Lasarten jokatuko du
Elgoibarren eta Ordiziaren kontra garaipenik lortu ezinda egon ostean Mondrak (37 puntu) in extremis irabazi zuen joan den astean Mojategin (1-0, 92. minutuan). Bigarren itzulia hasi dutenetik Zubiaren mutilak jabetu dira orain garaipen bakoitza izugarri borrokatu beharko dutela, lehen itzulian ez moduan, talde asko atzean sartuko direlako. Eta, itxura guztia du domekan (10:30) Lasarte Orian Ostadarren kontra jokatuko duten partidua halakoxea izango dela.
Bergarak Tolosaren bisita
Mahoneroak geldiezin daude. Azken hamar partiduetatik bederatzi irabazi dituzte, eta bestea berdindu. Hala, bistan dago kategoria txiki geratu zaiela, eta datorren urtean ibarreko gainontzeko taldeekin egongo direla, deskalabrurik ez badago. Bihar, zapatua, seigarren dagoen Tolosaren bisita izango dute (16:30, Agorrosin).
Antzuolak bostetik lau irabazi
Antzuola ere ederto dabil igoera fasean, jokatutako bost partiduetatik lau irabazita. Multzoko liderrak dira –hamar taldek osatzen dute multzoa– eta bihar zortzigarren dagoen Touring izango da Estalan (16:00).