Hitzaldia: Zoru klausulak, hipoteka gastuak eta abusuzko klausulak

Itziar Larrañaga Sarasola 2017ko ots. 6a, 14:48

Hitzaldia: Zoru klausulak eta hipoteka gastuak

Debagoieneko Kaleratzeak Stop plataformak antolatuta, hilaren 10ean, ostirala, hitzaldia egongo da Arrasaten. Hitzordua Kulturateko areto nagusian, 18:30ean izango da. Hizlariak, Gipuzkoako Kaleratzeak Stop plataformako abokatu eta aholkulari juridikoak izango dira: Maite Ortiz, Jose Maria Erauskin eta Xabi Soto.

Europar Batasuneko Auzitegi Nagusiak, zoru klausulei buruz emandako epaiari lotuta egongo da hitzaldia. Debagoieneko Kaleratzeak Stop plataformak "begi onez" hartu du epaia. Plataformak adierazi duenez, epaiak "ebatzi du baliorik gabeak direla hipoteketako zoru klausulak, eta bankuek itzuli beharra daukatela bidegabeki kobratutako diru guztia, hipoteken hasiera-hasieratik kobratutakoa, hain zuzen".

Kaleratzeak Stop plataformak salatzen duenez: "banku-erakunde gehienek gehiegikeriak egiten dituzte, neurririk gabe, eta herritarrek ez dute babesteko modurik. Ezin ahaztu, gainera, diru publikotik milaka milioi erabili direla banku-erakunde batzuk erreskatatzeko, haien tranpak agerian geratu direnean eta jakin denean bidegabe jabetu direla ez zegokien diruaz". Plataformaren hitzetan, Europar Batasuneko Auzitegi Nagusitik emandako epaia bat dator beraiek salatzen dutenarekin.

Agintariek eta, oro har, politikariek, arazo honen inguruan "modu penagarrian" jokatu dutela adierazi du Debagoieneko Kaleratzeak Stop plataformak, eta gaineratu du, ez dutela "ezer egin halako abusu nabarmenak geldiarazteko".

Plataformaren ustetan, agerian gelditu da justiziaren "lotsagarrikeria" kasu honetan, izan ere,  Espainiako Auzitegi Gorenak epaia "ezin bihurriagoa" eman zuela gogorarazi dute: "onartuta ere, zoru-klausulek ez zutela balio, bankuen alde egin zuela, erabaki baitzuen azken urteetan kobratutakoa bakarrik itzuli behar zutela, hau da, 2013ko maiatzetik bidegabeki kobratutakoa".

Plataformak jende guztia animatu du beraiekin harremanetan jartzera aholkuak eta laguntza emateko.  Helburua, hipoteketan halako klausulak dituztenei, hau egiaztatzen laguntzea eta dirua nola berreskuratu dezaketen jakinaraztea da. Gainera, plataformak adierazi duenez "Bankuek ez dute esan dirua itzuliko dutenik ezta epai irmo hori izanda ere".

Era berean, kontu handiz ibiltzea gomendatzen dute, izan ere, "oportunistak ager litezke-eta berreskura daitekeen diru horren usainean".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak