Futbol zale amorratuendako arratsaldea izan da, amorratuak ez direnak etxean geratu direlako, sofan, epel. Mojategin euria, haize ufada zakarrak, eta hotza, hotz galanta. Eta, Ibarran beste horrenbeste, batek baino gehiagok eramango zituen, ohitura den legez, mantak eta bufandak.
Bada, Mondraren eta Aloña Mendiren partiduak gutxigatik ez ditu bi taldeetako zaleak hotz utzi, eguraldiak berak agintzen zuen moduan. Arrasatekoek hartu dute jokoaren gidaritza, atzealdeko lerroa aurreratu eta zelai erdia menderatuz baloiaren jabetza gura zuten. Eta, oñatiarrek ez dute eragozpenik jarri, ondo zekiten-eta zein zen euren borroka. Aloñakoak kontrarioari eustera etorri dira Mojategira, eta hori bai, aukera zeukaten bakoitzean min egitera. Eta, gutxigatik ez dute gidoia bete, pare bat aukera on izan dituztelako talde arrasatearra ezustean harrapatzeko. Baina, definizioan ibili dira makal.
Zuri-moreak, berriz, etengabe erasoan ibili dira, oñatiarren area inguruan sarri, baina gauzak diren moduan, benetako arrisku sentsazioa eman barik. Lehenengo zatian ez, behintzat (0-0).
Bigarren zatian nabarmenagoa izan da bi taldeen joko-apustua. Eta Mondrak orduan arrisku jokaldiak hobeto lotu ditu. Baina oñatiarrek hor ere sendo jarraitzen zuten, atzeko lerroa horma bilakatuta.
Hala, 90. minutua beteta zegoenean Uribarrenen ezker hanka, ala Aizpuruaren –Mikel– eskuin hanka, bi horien artean aukeraketa egin behar izan dute area ertzean zuten aldeko falta ateratzeko. Uribarrenek keinua ere ez du egin, Aizpuruak hesia gainditu eta bigarren zutoinean lekua ikusita hara bota du baloia, zuri-moreen poztasunerako (0-1).
Hala, Mondrarendako (37) izan dira hiru puntuak, baina sailkapenean aldaketa gutxi izango da, Anaitasunak (43) eta Hernanik (41) ere ez dutelako barkatu.
Aretxabaletak bana egin du Ordiziaren kontra
Hain zuzen, aurrealdeko borroka horretan jarraitzeko koska bat egin du atzera Aretxabaletak, zazpigarren postuan dagoen Ordiziaren bisitaren aurrean 1-1 egin dute-eta. Bada, datorren astean ere derbia izango da, Aloña Mendik Aretxabaleta hartuko duelako Azkoagainen.
Amaitzeko, Bergarak amore eman barik jarraitzen du, asteburuan Ikasberri taldeari 0-2 irabazi diote-eta.