Debagoiendarren arteko eskubaloi derbian oñatiarrak nagusi

Xabi Gorostidi 2017ko ots. 5a, 13:06

Iturripeko harmailak jendez bete dira Ford Mugarri Arrasatek eta Izarraitz Muñoz Aloña Mendik jokatu duten norgehiagoka ikusteko. Partidu hasieratik hartu dute aurrea markagailuan oñatiarrek, baina alde txikiekin. Bigarren zatian etxekoek lehia berdintzea lortu dute (15-15), baina bukaeran Oñatikoak garaile 20-22.

Giro polita eta harmailak jendez beteta egon dira gaur goizean Iturripen jokatu den eskubaloi derbia ikusteko. Euskadiko senior ligako 17. jardunaldian Ford Mugarrik Izarraitz Muñoz Aloña Mendiren bisita jaso du. Txantxikuarrak sailkapeneko lehen postuan berdinduta heldu dira, baina Arrasatekoek laugarren postuari heltzeko etxean garaipena lortzeko beharra zuten.

Espero zitekeen bezala partidu gogorra eta borroka handikoa izan da. Lehen zatian Aloña Mendikoek lan mardula egin dute defentsan. Presioaren eta falten bitartez etxeko taldearen erasoak geldiarazteko gai izan dira, eta Arrasateko taldea baino finago aritu dira eraso lanetan. Momentu batean lau goleko abantaila hartzera heldu dira, baina etxekoen erreakzioaren ondoren 9-11ko emaitzarekin heldu dira atsedenaldira bi taldeak.

Bigarren zatian min handiago egin dute Ford Mugarrikoek, eta 45. minutuan 15-15 berdintzera heldu dira. Aurretik jartzeko aukeraren bat edo beste izan arren, Aloña Mendikoek aurrerapausoa eman dute, eta hiru goleko aldea lortu dute markagailuan. Buelta ematea ezinezkoa zirudien etxekoentzat, baina partidua amaitzeko lau minuturen  faltan, epaileak bi minutuko bi zigor ezarri dizkio Aloñako Jon Irizarri. Lehena faltagatik eta bigarrena protesta egitearren.

Partidua berdintzeko ahaleginak egin ditu Ford Mugarrik, baina oñatiarren atezainak gelditu garrantzistuak egin ditu, eta amaiera bisitariak nagusi 20-22. Partiduko goleatzaile nagusia Aloña-Mendiko Andoni Bernal izan da, 7 golekin, eta bigarrena, aldiz, Ford Mugarriko Kepa Zelaia, gol bat gutxiagorekin.

Harmailatik saioan, laburpena

Astelehenean, 22:00etan hasiko den Harmailatik saioan, partiduaren laburpena ikusteko aukera izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak