Domekako derbira begira jarri aurretik, Anaitasunaren kontrako porrotaren gainean hausnartzeko tartea hartu du Gotzon Urzelaik, Aloña Mendiko entrenatzaileak: "Bagenekien ia dena egin beharko genuela ondo. Baloi geldituko baloi bakoitzean erakusten zuten kalitatezko jokalariak dituztela, eta gu ez ginen ondo ibili. Halako kontrario bat geratzeko %100a eman behar dugu, eta intentsitatean ez ginen kopuru horretara iritsi; ez, behintzat, lehen zatian. Ea Mojategin hori zuzentzen dugun".
Mondra, berriz, hasi da aurrealdeko talde bat izatearen prezioa ordaintzen: "Liga hasieran, kontrarioak ez ziren gure beldur, erasora egiten zuten. Orain, berriz, errespetu handiagoz jokatzen dute gure kontra, atzean sartzen dira defendatzera, eta horrela zailagoa da arrisku jokaldiak egitea", dio Josu Zubiak.
Bada, domekan elkarren kontra jokatuko dute, Mojategin (16:30). Mondrak bi aste daramatza partidurik irabazi barik, eta Aloña Mendirendako urrea da etxetik kanpora batzen duen puntu bakoitza.
UDAk Ordiziaren kontra
Aretxabaletak, domekan, aurrealdekoen borrokan egon gura duen Ordiziaren bisita izango du Ibarran (16:30). Ordizia zazpigarren dago sailkapenean, eta seigarren dago UDA.
Erregional preferentean, berriz, lider dagoen Bergarak seigarren postuan dagoen Ikasberriren kontra jokatuko du zapatu arratsaldean (17:30). Eta, erregional mailako igoera fasean, Antzuolak Zarautzen jokatuko du zapatuan 18:00etan.
Arizmendiren bisita bihar
Emakumezkoen erregional mailan, Arizmendi liderraren bisita izango du Mondrak zapatu arratsaldean (18:00, Mojategi). Titu-ren neskak dagoeneko sailkatuta daude igoera faserako, eta egia da jokoan dauden hiru puntuak ez direla erabakigarriak, Mondra –laugarren sailkatuta– fase horretatik kanpo geratu da eta. Baina liderraren aurrean liga ondo amaitzeko aukera dute arrasatearrek. Bergarak Zumaiako hartuko du domekan (12:00).