Azken urteotan Ford Mugarri Arrasate izan da –Basaurirekin batera– Euskadiko Txapelketan nagusitasuna erakutsi duen taldea. Bizkaitarrek bere horretan jarraitzen dute, baina oñatiarrek iaztik hona koska bat egin dute gora, eta aurrealdeko postuetan zebilen taldea izatetik –Arrasateren eta Basauriren atzetik–, orain, gainditu egin dituzte, eta aurten eurak dira ligan erreferente.
Bada, rolez aldatu duten honetan, domekan indarrak neurtuko dituzte Iturripen (11:00), eta arrasatearrak errebantxa gogoz egongo dira, urrian Zubikoan jokatu zuten partiduan oñatiarrek errepaso galanta eman zieten eta (33-20).
Oñatiarrek porrot bakarra
Izarraitz Muñoz Aloña Mendi –28 puntu– sekulako erregulartasuna erakusten dabil. Ligako bigarren jardunaldiko sustoa –32-36 Deustoren kontra– alde batera utzita, gainontzeko partidu guztietan batu dute punturen bat –hamahiru garaipen eta bi berdinketa–. Ford Mugarri Arrasatek (21 puntu), berriz, bost garaipeneko bolada ederra zeraman, asteburuan Muskizek aurre egin dien arte (30-28).