Eskualdeko bertsolariak herriarteko txapelketan

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2017ko ots. 3a, 09:30
Oñatiko bertso eskolako Txinparta 2 taldeak saioa izango da gaur Zarautzen.

Gipuzkoako 38 taldek hartuko dute parte gaur, egubakoitza, hasi eta maiatzaren 27ra bitartean egingo duten herriarteko bertso txapelketan. Oñatiko Txinparta bertso eskolako bi talde eta ibarreko hainbat bertso eskolak osatu duten Debagoiena taldea izango dira lehian. Zarautzera joango dira Txinparta 2 taldekoak gaur eta datorren astean izango dute saioa beste bi taldeek.

Bertsozale Elkarteak koordinatuta, txapelketako parte-hartzaileek dute saioak antolatzeko ardura. Helburua Gipuzkoako herrietako bertso mugimendua bultzatu, indarberritu eta ikusaraztea dela azaldu zuen Saroi Jauregik, Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakariak, zapatuan egin zuten aurkezpenean. "Parte-hartzaile guztien txapelketa izango da; lehia baino gehiago, gozamena du ardatz. Multzoka banatuta, ligaxka moduan jokatuko dute. Lehenengo fasea martxoaren 12rarte izango da eta multzo bakoitzetik talde bakarra sailkatuko da".

Debagoienekoak multzo ezberdinetan daude; neurri baten, aurkariak dira, beraz. Oñatin bi talde sortzeko beste bertsolari zeuden. Bailarako beste eskoletakoek beste hainbat jardunetan egin duten moduan, elkarrekin talde bakarra osatzea gurago izan dute. Hala ere, entzule moduan bada ere, bata bestearen saioan izango direla diote, lagunak dira-eta guztiak. 

Taberna eta elkarteetan

Talde bakoitzak gura izan duen formatua eta tokia aukeratu du. "Gehienak bertso-poteo edo bertso-afariak dira. Txinparta 2 taldekoek –gure eskolako beste taldeak– gaur Zarauzko Txiki Polit tabernan dauka. Eta hurrengo zapatuan, Oñatiko Oñarri elkartean guk, afari formatuan. Elkarte baten denez saio itxia dela uste dute askok, baina edonor etor daiteke. Txartelak Txokolateixan daude salgai; afaria eta saioa, 12 eurotan. Saio guztiak publiko guztiarentzako zabalik daude; interesa duenak gurekin harremanetan jarriz gero, elkarrekin joateko antola gaitezke", dio Iñaki Olaldek, Txinparta 1-ekoak. Hurrengo egunean, otsailaren 12an, Alegian, Tolosako taldearekin jardungo duela gaineratu du Aretxabaletako Lekaixoka bertso eskolako Martin Berrizbeitiak.

Bina saio egingo dituzte. "Ez dira, baina, trukeak; hau da, hona datorren taldearen herrira ez zoaz zu. Guk hurrengoa Urretxu-Zumarragakoen etxean dugu. Txinparta 2-k, berriz, Oñatin, Pako tabernan". "Gurea oraindik guztiz ziurra ez den arren, Bergaran izango da martxoaren 11n, zapatuan", dio Berrizbeitiak.

Autogestioa bultzatzeko

Bertsotan egiteko hitzordua baino gehiago da, baina, honako txapelketa hau. Taldeek antolatu behar dituzte saioak. Azpiegitura guztia sortu behar dute: bertsolariak, epailea, gai-jartzaile bana eta bestelako  ardurak izango dituen ordezkari bana batu behar izan dituzte. "Saio autogestionatuak dira, bakoitzak du bere taldeak parte hartzen duen guztiaren ardura. Era berean, bertsolari gazteendako plaza aproposak dira".

Txapelketako Debagoieneko ordezkariak

  • Txinparta 1 taldea: Julen Iriondo (epailea), Iñaki Olalde (ordezkaria), Mirari Sagarzazu (gai-jartzailea) eta Joseba Lasagabaster, Andoni Goitia eta Urko Egaña bertsolariak.
  • Txinparta 2 taldea: Xabier Igartua (ordezkaria), Beñat Alberdi (epailea), Egoitz Atxaga (gai-jartzailea) eta Maider Arregi, Gontzal Belategi eta Urko Arregi bertsolariak.
  • Debagoiena taldea: Goian, Marixe Ruiz de Austri (bertsolaria), Martin Berrizbeitia (ordezkaria), Ibon Leibar (gai-jartzailea), Ane Zuazubiskar (bertsolaria). Behean, Haizea Arana eta Oihana Arana bertsolariak.

Txinparta 1 eta Debagoiena taldeakArgazkian, Txinparta 1 eta Debagoiena taldeak

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak