LABek otsailaren 7an egingo du batzarra Bergaran, 9. Biltzar Nagusiaren nondik norakoak azaltzeko

Josu Bilbao Atxutegi 2017ko ots. 1a, 17:16

Maiatzaren 25 eta 26 egunetan Gasteizen egingo dute sindikatuaren 9. Biltzar Nagusiak eta ordura arteko dinamika Euskal Herriko eskualde ezberdinetan garatuko da. Debagoienekoa Irizar Jauregian egingo dute, otsailaren 7an, 18:30ean.

LAB sindikatuaren oharra:

"Aurtengoa kurtso berezia da sindikatuarentzat, buru-belarri lanean ari gara aro berri bat ireki nahian, datorrena ‘Gure Garaia’ izan dadin, euskal langileon garaia, euskal sindikalgintzaren garaia, Euskal Herriaren garaia.

Gogoeta prozesu oso bat egin dugu, gure eredu sindikala birpentsatzeko erronkarekin. 9. Biltzar Nagusian, orain arteko ibilbidea oinarri hartuta, aldaketa gauzatzeko erabakiak hartuko ditugu. Esku artean proiektu argi bat dugula, gure eskaintza berritzen jarraituko dugu.

Ponentzien prestaketaren ostean, hauen inguruko eztabaida prozesuari ekiteko unea iritsi da. Zentzu honetan, eskualde guztietan delegatu eta afiliatuekin batzarrak egingo ditugu ponentzietan proposatzen diren erabaki nagusiak azaldu eta hauen inguruan eztabaidatzeko.

Bestalde, otsailetik maiatza bitartean oinarri sozial, herritar eta eragileekin hainbat solasaldi egingo dira. Ponentzietako jasotzen diren gai nagusien inguruan LABen ikuspegia jendarteratu eta eztabaida soziala bultzatzea izango da solasaldi hauen helburua. Honela, gai ezberdinen inguruko solasaldiak antolatuko ditugu: burujabetza prozesua eta aldaketa soziala, sindikalgintzaren ekarpena borroka sozialean eta ekintza sindikal integrala, besteak beste.

Berrikuntzak ere ez dira faltako prozesu honetan. Milaka afiliaturen parte hartzea helburu hartuta, haiekiko komunikazio bide berriak zabaldu ditu sindikatuak. Hala nola, parte hartzea erraztu eta biderkatzeko asmoz aplikazio telematiko bat jarri dugu martxan. Baliabide hori ere jada eskura dute afiliatuek".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak