Liderrari hasieratik egin behar zaiola aurre jakinda kantxaratu ziren Arrasatekoak eta indartsu jardun zuten lehen zatiaren hasieran. Oñatiarrak, ostera, hoztuta zeuden, baloiak ihes egiten zien eskuetatik, eta kosta egin zitzaien partiduan sartzea. Hala, 18. minutua arte aurretik ibili ziren etxekoak, konfiantza handiarekin eta seguru. Poliki-poliki, baina, esnatzen hasi ziren Aloña Mendikoak, jokoa bizkortu zuten eta atsedenaldira bi goleko aldearekin joan ziren, 11 eta 13. Hain zuzen azken segundoan, hesiaren albotik, sartutako golak min handia egin zien etxekoei, bereziki konfiantzari zegokionez.
Gol zaparrada bigarren zatian
Bigarren zatiak ez zuen lehenengoaren inolako antzik izan. Oñatiarrak izan ziren jaun eta jabe kantxan uneoro, eta golak bata-bestearen atzetik egin zituzten, etxekoei inolako aukerarik eman gabe. Bukaeran 23 eta 35 eta lider luzaroan izateko gogoz. Arrasate, ostera, zuloan sartuta eta lanean jarraitu behar emaitzei buelta emateko.