Euskararen Ginkanako finalean izango da bihar Elgetako mintzalagun taldea

Larraitz Zeberio, Iratxe Bravo, Leire Basauri, Sonia Miranda, Marta Torres eta irudian falta den Lorena Ibeas, sariaren bila.

'Elgetan berbetan' mintzalagun taldeko sei partaidek Euskararen Ginkanaren finalerako txartela lortu dute. Bihar Donostiako Kutxa Ekogunean erabakiko da irabazlea nor den, baina lau finalisten gainetik euskara izango da garaile nagusia.

Euskararen Ginkanaren 5. edizioa bihar amaituko da, Donostiako Kutxa Ekogunean jokatuko den finalean, eta Elgetan berbetan mintzalagun taldeko sei kide han izango dira. Urtarrilaren 3an hasi zuen ibilbidea aurtengo edizioak, eta Euskal Herri osoko 27 talde lehiatu dira. Hizkuntza praktika ekologikoak izan da aurtengo gaia, eta, hori lantzeko, hizkuntzen garapen iraunkorrerako lagungarriak diren ekimenak eta probak egin dituzte.

Sei proba finalaren aurretik

Partaide guztiek sei proba egin behar izan dituzte finalera heldu aurretik. "Sei horietatik lautan, hizkuntza praktika ekologikoekin lotutako galdera batzuk erantzutean oinarritu dira, eta beste bi, bideo bidez egin behar izan ditugu", azaldu du Larraitz Zeberiok, Elgetan berbetan mintzalagun taldeko kideak.

"Horietako bat euskara ikasi berri duen kanpotar bati elkarrizketa bat egitea izan zen. Bigarrenean, sormena gehiago garatu behar izan genuen, euskararen aldeko kale ekintza bat diseinatu eta grabatu behar genuelako. Pankarta bat margotu genuen Elgetako hainbat eragile inplikatuz; gaztelekua, tai txi taldea, musika eskola, gaztetxea, erretiratuak eta ludoteka. Ondoren, pankarta Kultura Etxetik zintzilikatu genuen, nahiz eta haize zakarrarekin ez zuen askorik iraun. Ginkanako zenbait proba egiteko laguntza behar izan dugu eta eskatu dugunean beti jaso dugu. Eskerrik asko gure probetan modu batean edo bestean parte hartu dutenei".

Sari mamitsua jokoan

Finala irabaztea lortzen duen taldeak euskara sustatzeko proiektu baterako 3.000 euro jasoko ditu. Elgetarren kasuan, mintzalagun ekintza indartzeko erabiliko dute. Lizarrako taldeak  24 orduz euskaraz ekimena 48 ordura pasatzeko asmoa du, Azpeitiko eta Goizuetako Xapo taldeak AEKri eta Seaskari emango die eta Durangoko Itzartu taldekoek, aisialdi taldeari.

"Saria Elgetara ekartzeko asmoz goaz Donostiara, baina, irabazleak irabazle, ziur garaile nagusia euskara izango dela", adierazi du Zeberiok. Finala 12:00etan hasiko da eta Tokikomeko presidente Urko Aristik aurkeztuko du. Elgetarrak ez dira bakarrik izango, herritik irteera antolatu baitute beraiek animatzeko.

Aurtengo edizioko partaideek Twitter kontu bat zabaldu dute, euren proben berri eman, eta puntuak pilatzeko. "Gainontzeko taldeekin sortu den hartu-emana oso positiboa izan da".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.