Tomas Rebollo Olivart: "Nazien eskuetan jausteko zoritxarra izan zuten"

Tomas Rebollo Olivart, Mauthausen-en, aitaren omenezko plakaren ondoan.

Aita ezagutzeko aukerarik ez zuen izan Tomas Rebollo Olivartek. Gaur, lehenengo aldiz izango da aitaren sorterrian, Elgetan, 79 urterekin, semeekin batera. Omenaldia eskainiko diote bertan aitari, Tomas Rebollo Etxanizi. Harekin batera gogoan izango dute holokaustoko herriko beste biktima: Pascual Askasibar. Ekitaldia 18:00etan izango da. 19:00etan holokaustoarekin lotutako ikus-entzunezko bat emango dute Elgetako udaletxean eta hitzaldi laburra egingo du Rebollok.

 

Lehenengo aldiz egongo zara Elgetan...
Ez naiz inoiz egon, baina, orain, herriko plazan eta kaleetan ibiltzeko aukera izango dut, alkatearekin batera. Gainera, gerra zibileko aztarnak ikusteko aukera ere izango dugu. Pena da nire amak ezin bizi izatea omenaldi hau. Duela 11 urte zendu zen, eta senarrari horrelako omenaldi bat egiteak asko poztuko zuen. Nik ilusio handia dut, eta eskerrak eman behar ditut, gainera, orain gogoratzeko eta omentzeko hau guztiau egingo dutelako. Nazien eskuetan jausteko zoritxarra izan zuten pertsona hauek, eta eskertzekoa da eurak gogoratzea. Memoria historikoa deritzotenaren parte da. Estatuak ez du ezer egin nahi, eta udalek eta herriek aurre hartzea zoragarria da. Era berean, mingarria ere bada, baina holokaustoaren ondorio guztiak onartu ez dituztenen aurka borrokan jarraituko dugu.

Mauthausen-en egon zara aitaren aztarnen bila?
Hogei bat aldiz egon naiz. 1965a izan zen lehenengo urtea, eta, ordutik hona, bost urtean behin joan izan gara Amical de Mauthausen elkartearekin, eta azken urteetan, sarriago. Amarekin batera joaten nintzen, ahal genuen guztietan.

Ez da erraza izango, zuretzat, hara joatea...
Egunaren arabera izaten da. Batzuetan, aitaren oroimenezko plakaren aurrean negar pila egin izan dut. Beste batzuetan, trankilago hartzen zaitu eta apurka esparruko gune ezberdinak bisitatzen dituzu. Asko irakurri dut kontzentrazio-esparruari buruz. Orduko argazkiak ikusten ditut, eta gaur egungo eremuarekin konparaketa egiten saiatzen naiz.

Aitorpen ofizialik izan duzue?
Lehen, urteroko omenaldian, Mauthausen-eko askapeneko urteurrenean, monumentuetan banderak jartzen zituzten, eta espainiarren omenez bandera errepublikanoa jartzen zuten. Francoren ostean, Vienako ordezkariek ez zuten bandera aitortu nahi, eta urteetan aitorpen ofizialik izan ez genuen herrialde bakarra izan ginen. Egoera aldatzen joan da, eta, orain, bi bandera dituen monumentu bakarra da. Konstituzionala eta errepublikanoa. Hala ere, oraindik ez dituzte deportatuak aitortu, eta Gobernuak ez du omenaldirik ez beste ezer egin... Estatuak ematen duen hezkuntza sisteman ere deportatuak ez dira ia agertzen. Horregatik, euren historia gogoraraztea da gure helburua.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.