Goiena Komunikazio Taldeak landutako gida komertziala da, 14. urtez argitaratu duena. Aurtengoak 3.000 telefono zenbaki inguru ditu. Paperezko formatuaz gainera, Goiena.eus/gida helbidean (ordenadorez, tabletez, edo telefono mugikorrez) zein Goiena App-a deskargatuta ere kontsulta daiteke.
Goiena Aldizkariko harpidedunak zein gidan bertan publizitatea egiten duten negozioak dabiltza gida eskuratzen paperezko formatuan. Bederatzi udalerriak hiru gidatan banatuta landu ditu Goiena Komunikazio Taldeak: Leintz ibarrekoa (Arrasate, Aretxabaleta, Eskoriatza, Leintz Gatzaga eta Aramaio; 9.300 ale); Bergara aldekoa (Bergara, Antzuola eta Elgeta; 6.200 ale) eta Oñati alderako 3.300 ale.
3.000 sarrera
Paperezko formatuaz gainera, baina, internet baliatuta ere kontsulta daiteke gida, bi modutan: Goiena.eus/gida helbidea sartuta edo Goiena App-a baliatuta. Azken aplikazio horren kasuan, gainera, norberak kontsultatu duen telefono zenbaki horretara zuzenean deitzeko aukera eskaintzen du.
3.000 halako ditu, hau da, 3.000 negozioren/zerbitzuren… telefono zenbakiak daude Gida 2017an jasota. "Debagoieneko telefono gidarik osatuena eta eguneratuena da, bereziki, Goienako lantalde komertzialak urtero-urtero eguneratzen duelako, hainbat hilabetetako lana hartuta", esplikatu du Mireia Larrañagak, Goiena taldeko zuzendari komertzialak.
Gida eskuratzeko
Gida 2017 jaso ez duenak hiru bide ditu eskuratzeko: harpidetza@goiena.eus helbidera mezua bidalita, 943 25 05 05 telefono zenbakira deituta edo Goienaren egoitzara bertaratuta (Otalora lizentziaduna 31, Arrasate). Halaber, harpidedun ez direnek ere badute gida eskuratzeko aukera: 10 euroren truke Goienaren egoitzan bertan edo posta arruntez eskatuta ere jaso dezake.
2003. urtean hasi zen Goiena Komunikazio Taldea gida komertziala argitaratzen gaur egun ezagutzen dugun modura: eskualdeko 9 herriak batuta, hiru gidatan. Ordura arte, Arrasatek eta Bergarak bakarrik zuten mota horretako telefono gida bat.