Iaz baino 93 milioi gehiago batu da zergatan

Zerga-bilketa pilatua %2,3 hazi da Gipuzkoan 2016 urtean. 4.197,7 milioi euro batu dira guztira, 2015ean baino 93,6 milioi euro gehiago. Horren berri eman du Foru Ogasunak.

Aurrekontuaren betetze maila %96,9koa izan da, urte hasieran aurreikusitakoa baino 132,7 milioi euro gutxiago eta urriko Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluan (HDEK) aurreikusi baino 36,7 milioi euro txikiagoa.
Bilakaera positiboa izan da zuzeneko zergetan, eta aurreikuspenak bete dira (%99,9); ez, ordea, zeharkako zergetan (94,6%). Puntu honetan, BEZaren ajusteetan (lurraldeen artean eta Estatuarekin egindakoetan), espero baino 122,1 milioi euro gutxiago bildu dira (urriko aurreikuspenak baino 24,4 milioi gutxiago). 2016aren behin betiko likidazioa, dena den, otsaileko HDEKean adostuko da.

Gipuzkoako Ogasun eta Finantza diputatuak, Jabier Larrañagak, datuen irakurketa egin du: “Gure esku dagoenean, hau da, Errentaren eta Sozietateen kanpainetan, oso ondo ibili gara. Zeharkako zergetan, ordea, beste erakundeekin egiten ditugun ajusteetatik ez dugu aurreikusi bezain beste jaso, eta azkenean honek zerga bilketa orokorrari eragin dio”, adierazi du.

Dena den, berretsi nahi izan du beherakadak ez duela inongo eraginik izango Foru Aldundiaren kudeaketan. “Baliabide murrizketaren zatirik handiena aurreikusi genuen jada urriko HDEKean. Orduan esan genuen bezala, urtero naturalki exekutatu gabe geratzen dira hainbat programa eta ez da beharrezkoa inongo doikuntzarik egitea”, azaldu du.

PFEZ %3,3 hazi da

Zenbakietara jaitsita, PFEZ 49,8 milioi hazi da (+%3,3). Kontzeptu nagusian, lan irabazien atxikipenetan, 40,4 milioi gehiago jaso ditu Ogasunak (+%2,8).

Sozietateen gaineko zergaren atalean, enpresen irabaziak zergapetzen dituen kuota diferentzial garbia 21,3 milioi hazi da: sarrera gordinek 41,5 milioi egin dute gora, eta itzulketak 20,2 milioitan hazi dira. Bi zergetan, aldiz, eragin negatiboa izan dute beste bi kontzeptuk, ondare irabazien eta kapital higikorren etekinen atxikipenak: 29,7 eta 15,4 milioi gutxiago batu dira, hurrenez horren, zerga bakoitzean.

Zerga bereziei dagokionez, hidrokarburoen gaineko zergak 15,9 milioi gehiago batu ditu (+%4,2), eta tabako laboreen gaineko zergaren bilketak %4 egin du gora, hau da, 4,5 milioi euro gehiago. Azkenik, Aldundiak kudeatzen duen BEZari dagokionez, zerga bilketa metatua %0,7 hazi da aurreko urtearekin alderatuta, hau da, 8,5 milioi euro gehiago bildu dira: 54,5 milioitan hazi dira sarrerak (+%3,9), itzulketak 24,5 milioitan hazi dira (+%4,1) eta lurraldeen arteko doikuntzak 21,5 milioi jaitsi dira (-%5).

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.