Debagoieneko mintzalagun taldeetako kideek Laboratorium bisitatu dute

Bailarako mintzalagun talde guztiak hilabetean behin batzen dira, gaurkoa moduko bisitak edo irteerak egiteko. Izan ere, irteera hauek laguntzen dute mintzalagunen harreman sareak euskaldunak izan daitezen, Maitane Arizabaleta Bergarako mintzapraktika taldeko –Berriketan– koordinatzailearen arabera.

Esan moduan, hilero egiten dituzte horrelako irteerak, euskara maila hobetzeaz gain, euskal kultura barneratzeko helburuarekin. "Ekintza osagarri hauek, oro har, kultura eta hemen ditugun altxorrak ezagutzeko egiten dira", azaldu du Arizabaletak.

Bi taldetan banatuta egin dute bisita. Izan ere, bisita gidatua egiteko, gehiegi ziren. Lehenengo txandan, Aretxabaletako eta Arrasateko mintzalagun taldeek jaso dute bisita gidatua eta bigarrenean, bergararrek eta elgetarrek. Eskoriatzako eta Oñatiko mintzalagunak ez dira joan. Guztira, bailarako sei herri horietan dago mintzapraktikak egiteko aukera.

Mintzapraktika taldeek euskara hobetzeko helburua dute. "Azken finean, lotsa galtzea da helburua. Ikasi duten euskara hori askatu eta ahalik eta leku gehienetan erabiltzea. Akatsak egiten ikasten da hizkuntza bat. Beraz, talde txiki hauetan praktikatuz, errazago askatzen dira egunerokotasunean" adierazi du Arizabaletak.

Mintzalagun taldeetan izena emateko, arrazoi ezberdinak daudela dio Berriketan taldeko koordinatzaileak. "Batzuk, jaiotzez euskaldun zaharrak baina gerora gaztelaniaz bakarrik egin eta euskara galdu dutenak dira, berreskuratu nahi dutenak, alegia; beste batzuk, euskaldun berriak deritzogunak, besterik gabe, euskara ikasi nahi dutenak dira; azkenik, euskara maila hobetu nahi dutenak ere badaude".

Guztira, 200 bat dira bailaran

Aipatutako sei herrietako mintzalagun talde guztietan, guztira 200 bat mintzalagun dira eta gaurko bisitan 40 inguruk hartu dute. "Ez da kopuru makala. Hilero elkartzean, batzuk elkar ezagutzen dute dagoeneko", onartu du Arizabaletak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.