Aita Menni Ospitaleak Grezian kanpalekuetan errefuxiatuta dauden siriarrendako neguko arroparen bilketa kanpaina bukatu du, eta guztira 18.560 kilo baino gehiago batu dituzte. Arrasaten, Durango eta Bilbon egin dituzte bilketak. Arrasaten, 9.680 kilo batu dituzte (1.920 oinetakoetan eta 7.760 arropan), Durangon 6.580 kilo eta Bilbon 2.300 kilo.
Urtarrilean banatuko dituzte arropak eta Lighthouse Relief Suediako GKEk eta Mo chara elkarte irlandarrak 500 kilo bidaliko dituzte. SOS Errefuxiatuak erakundeak 7.400 kilo bidaliko ditu, eta baita kanpaina batu diren elikagai ugari ere. Galdakao Boluntarioen Gizartea Elkarteak, gainera, 7.450 kilo eramango ditu. Caritasek, bestalde, baztertu den arropa Euskadin banatuko du (%17,3a).
Egoitz Zabala Aita Menni Ospitaleko Elkartasun arduradunak kanpaina "arrakasta" izan dela, eta "hasierako aurreikuspen guztiak gainditu" dituztela azaldu du. "Aita Mennik parte hartu duten guztiei eskerrak eman nahi dizkie. Arropaz gain dirua ere eman dute, 1.610 euro. Denoi eskerrak eman nahi dizkizuegu boluntarioen eta langileen izenean, zuen elkartasuna ikusita emozioz bete garelako", adierazi du.