Alokairuak %3,6 garestitu dira Euskadin 2016an

Leire Kortabarria 2017ko urt. 16a, 15:52

Etxebizitzaren alokairuak orain urte bete baino %3,6 garestiagoak dira Euskadin, ikerketa baten arabera.

Aldiro-aldiro egiten duen moduan, alokairuen neurrien inguruko txostena egin du higiezinen arloko Idealista webguneak. Euskal Autonomia Erkidegoa, Nafarroa eta Espainia hartzen ditu kontuan.
Ondorioetako bat da alokairua igo egin dela 2016. urte osoan. Idealistako ikerketa-buru Fernando Encinarren esanetan, alokairuaren formula egonkortu egin da: “Azken urteotan egin diren erreforma politikoek on handia egin diote alokairuari; eta bizi izan dugun krisiak konturarazi gaitu etxebizitzen prezioak jausi daitezkeela, eta asko jausi ere”.

Alokairu eskaera hazi bada ere, ez da haren parean hazi eskaintza; are gehiago, eskaintza gero eta txikiagoa dela dio Encinarrek, eta horrek “prezioak handitzea dakar”. Hori ez da “inondik inora ere burbuila bat, baizik eta hiri jakin batzuetan alokairuan hartzeko interesaren gorakada nabarmena”. Bere esanetan, orain bizi den alokairuen prezioen gorakada, neurri handi baten, urteotan bizi den prezioen eguneratzeari zor zaio.

Hego Euskal Herria eta Espainia kontuan hartuta, alokairua %15,9 handitu da, eta ondorioz, metro koadroaren batez besteko alokairua 8,2 eurotan dago. Neurri horiek bereziki hazi ziren urteko azken hiruhilekoan.

Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, 2016ko abenduan alokairua 10,4 eurotan zegoen m2 bakoitzeko, batez beste. Garestien zegoen Gipuzkoan (11,9 euro/m2); gero, Bizkaian (10,2 euro/m2), eta Araban (7,7 euro/m2). Hiriburu garestiena Donostia da: 13,6 euro/m2, urtean %17 handituta; gero, Bilbo (11 euro/m2; +%0,5) eta Gasteiz (9,1 euro; +%1,3). Nafarroan, metro koadroa 6,7 eurotan zegoen abenduan, eta %4,2 hazi zen 2016 osoan; Iruñean, 7,1 euro/m2 (+%1,8).

Bartzelona, Madril eta Donostia

Espainian, Bartzelona da alokairu garestiena duen hiriburua: 17,9 euro/m2. Urtean zehar, prezio hori %16,5 handitu zen; azken hiruhilekoan, %3. Idealistak dioenez, maila altuena jo dute alokairuen prezioek, higiezinen burbuilak eztanda egin aurreko mailatik gora.
Madrilen, igoera %15,6 izan zen, eta abenduan, alokairua 14,4 eurotan zegoen metro koadroko; hori ere, errekorra.

Espainiako alokairuaren hazkunde handiena Valentziak izan zuen: %20,3ko igoera.

Idealistak egiten duen sailkapenean kontuan hartzen direnez Hego Euskal Herriko hiriburuak, Bartzelona eta Madril ondoren hiriburu garestien moduan kokatu du Donostia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak