Bergarako country-rocka Arrasateko gaztetxean

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2017ko urt. 15a, 16:10
Bergarako What A Band taldea, Oñatiko Antixena gaztetxean, iazko abenduan.

Eskarmentudun musikariek osatzen duten The What A Band laukoteak Soft and Strong diskoa aurkeztuko du 19an, Kooltur Ostegunen barruko kontzertuan, 22:00etan. Beasaingo Pottoko estudioan grabatu zuten, eta taldearen lehen bilduma da.

2015eko irailean elkartu ziren Txus Martinez (Fiachras), abeslaria eta gitarrista, Aitor Aldanondo (Fiachras, Bizardunak, Brigada Criminal), baxu-jotzailea eta ahotsak, Guille Sanz (Bostenbor, Belceblues), bateria-jolea eta Fernando Laskurain (Mahaster River, Shut up Trio), gitarrista eta ahotsak, What A Band taldean.  

Martinez country musikazale amorratua dela diote taldekoek. "Haren autoko pendrive-an  mila bat country-kantu izango ditu. Etxean egindako hainbat abesti zituela esan zidan, baina ez zuela oso garbi zer forma eman: akustiko, talde... Hainbat lagun elkartu eta taldea sortu genuen", kontatu du Aitor Aldanondok.

Musika dibertigarria

Kantuek oinarrian country-rocka badute ere, askotariko iturrietatik edaten duten musikariak direnez, folk eta bestelako estiloen kutsua ere sumatzen zaie. "Denon artean egin genituen kantuen konponketak; beraz, kide guztien eragina dute. Hitzak Txusenak dira eta ingelesez idatzi ditu; ingeles filologoa da eta horrela atera zitzaizkion. Istorio pertsonalak kontatzen dituzte; maitasunari eta bestelako bizipenei buruzkoak, diskoa argitaratzean sortu dizkion zalantzak...".

Kantu berri gehiago sortzen

Kontzertu gutxi batzuk egiteko batu ziren arren, gustura daude izan duten harrerarekin; hori horrela, herrian eskaini dituzten emanaldiez gainera, beste hainbat ere lotzen ari dira. "Arrasatekoaren biharamunean, Azkoitiko Mataderoan izango gara. Oso gustura ari gara, oraindik ere zuzenekoetan errodajea egiten. Kantu berri pare bat ere baditugu dagoeneko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak