Guztira 15.535.000 euro bideratu dira planera, eta horietatik 11.185.000 euro Gipuzkoako udalerriek kirol instalazioak edo guneak hobetzeko eta berritzeko aurkeztutako proiektuak finantzatzeko izango dira. Zenbateko horretatik 480.000 euro (urtean 120.000) esku-hartze txikietarako laguntzak emateko izango dira, eta, udalek ez ezik, kirol elkarteek eta federazioek ere eska dezakete laguntza. Deialdi honetan lerro berezi bat abiaraziko da Mendi Federazioarekiko lankidetzarako, zehazki, 100.000 euroko laguntza (25.000 euro urtean) izango duena.
Aurreko planarekin alderatuta, zenbateko horiek hobekuntza nabarmena dakarte: aurrekoan 7,5 milioi euro bideratu ziren hiru urterako (2,5 milioi urteko); oraingo honetan, berriz, urtero 2,8 milioi bideratuko dira datozen lau urteetan, 11,2 milioi guztira.
Instalazioak hobetzeko helburua
2017-2020 Instalazio Plan berriak lehendik martxan dauden ekipamenduak sendotzea lehenesten du, eta diruz lagundu nahi ditu urtetan izan duten erabileragatik eta krisi garaian inbertsioak gutxitu izanagatik erabilera baldintzak hobetzeko beharra duten instalazioak berritzeko eta birgaitzeko lanak. Instalazioen hobekuntza sustatzea da helburua, betiere instalazioen erabilera areagotzera eta horietarako herritarren sarbidea erraztera bideratutako esku-hartzeak lehenetsiz. Horretarako, deialdi honetan lehentasuna ematen zaie instalazioak lekualdatzeko, ordezkatzeko edo birmoldatzeko proiektuei, eta atal bat eskaintzen zaio martxan dauden espazioen erabilera hobetzeari (espazioak estaliz, eskola ekipamenduak kirol erabilerarako egokituz, etab.).