Erregional preferente mailako 2. multzoko lidergoan mantentzeko 3 puntu garrantzitsu lortu ditu Bergarak, Mondraren aurka, Mojategin. Derbia irabazita, 35 puntu dituzte mahoneroek, eta Arrasateko taldea 13. postuan gelditzen da, 14 punturekin.
Norgehiagokako lehenengo zatia nahasia izan da jokoari dagokionez, eta ia ez da aukera garbirik egon berdegunean. 11. minutuan Bergarako zale eta jokalariek Iñigo Machori penaltia egin diotela eskatu dute, baina epaileak ez du ezer adierazi. Minutuak aurrera joan ahala, zuri-moreek hartu dute partidaren pisua, baina aukerak ez dira argia izan. 15. minutuan falta jaurtiketa baten ostean Bergarako atezainaren eskuetara bidali dute errematea, eta 24. minutuan, Mondrako jokalari batek zuzenean kanpora bidali du baloia eskuinarekin, area ertzetik. Atsedenaldia heldu aurretik aukera bikoitza izan dute etxekoek (42. minutua), korner baten, baina ez dute asmatu baloia sareetara bidaltzen.
Bigarren zatian goitik behera aldatu da neurketa. 48. minutuan markagailuan aurre hartu du Bergarak, Asier Alberdiren ezkerkada bati esker (0-1), eta abantailarekin eroso jokatu dute bergararrek Mojategiko berdegunean. 0-2koa 64. minutuan heldu da. Markel Ilzarbek bikain gainditu du Mondrako atezaina buruz burukoan, zuri-moreen defentsaren akatsa ederki baliatuta.
Mondrak ezin izan du Bergararen erritmoa jarraitu zelaian, eta mahoneroek aukera ugari izan dituzte azkeneko minutuetan. Horietako baten, 85. minutuan, heldu da hirugarren gola. Egilea, Martxel Garai aurrelaria izan da. 90. minutuan, beste bi aukera argi izan ditu Bergarak, baina baloiak bitan jo du langan.
Bestalde, partida hasi aurretik Mondrako jokalariek Ander Arroio taldekideari animoak emateko pankarta bat atera dute, jokalariak belauneko lotailua hautsi zuen-eta, azkeneko jardunaldian.
Aretxabaleta- Zumaiako (4-0)
Erregional preferenteko beste neurketan Aretxabaletako taldeak jipoia eman dio Zumaiakorik, etxean, eta sailkapenko 8. postura jauzi egin dute aretxabaletarrek, 22 punturekin.
Ohorezko Maila:
Maila bat gorago UDAk 2-1 galdu du Oiartzunen kontra, eta Iñigo Velez de Mendizabalen mutilek atzerapausoa eman dute sailkapenean, 7. postura arte (26 puntu). Mondrak, bestalde, garaipen oso baliotsua lortu du etxetik kanpora Amaikak Bat taldearen aurka 0-3 gaindituta. Zuri-moreak hirugarren postuan kokatu dira, 29 punturekin, lidergotik hiru puntura.
Gainera, Aloña Mendik puntu bakarra eskuratu du Mutrikuren kontra 1-1 egin ondoren. Oñatikoak 14. postuan daude, jaitsiera postuetatik gertuegi, oraingoz.