40 urte ikurrina jarri eta gurutzea eraitsi zutela

1976ko abenduaren 31n hainbat euskaltzale mendizalek ikurrina jarri zuten Tellamendin, eta Guardia Zibilak leherketa bidez gurutzea eraitsiz erantzun zuen. Gertakariak horiek gogora ekartzeko irteera antolatu zuen zapatuan Aramaioko EAJk

Tellamendiko tontorreko gurutzea 1935. urtean jarri zuten lehendabizikoz. Iaz 100 urte beteko zituen Jose Maria Azkarraga Lurgorri izan zen gurutzea jartzeko bultzatzaileetako bat, Jose Joaquin Arin Arrasateko apaizarekin batera, eta bi bultzaile horiek 1936ko gerran hil ziren. Gerran hildakoak omentzeko eta Tellamendin duela 40 urte gertatu zirenak gogora ekartzeko, irteera eta ekitaldi politikoa antolatu zituen Aramaioko EAJk. Bertan izan ziren besteak beste Iñigo Urkullu lehendakaria eta duela 40 urte Aramaioko alkatea zen Julian Unzueta ere.

Tellamendiko tontorreko ekitaldi politikoan ikurrinaren zabaltzea egin zuen Urkulluk, eta denen ezusterako, ikurrinean euskal presoen aldeko eta AHTren aurkako bi zapi zeuden josita. Ekintza horren egileek GOIENAri bidalitako gutunean (ikus papereko edizioko gutunen atala) azaltzen dituzte hori egin izanaren arrazoiak, eta zapatuko irteera antolatu zuen EAJk ez du oraindik gertatukoaren inguruko baloraziorik egin nahi izan. 

Ikurrina jartzearen mendekua

Pasa berri den abenduaren 31an 40 urte bete ziren euskaltzale talde batek Tellamendiko tontorrean eta Murugainen ikurrina bana jarri zutela. 1977. urtea zen, eta Franco bi urte aurrerago hil bazen ere, orduan oraindik ilegala zen ikurrinaren erabilpena. Bi hilabete lehenago ere beste ikurrina bat jarri zuten eta orduan, Aramaioko Guardia Zibilaren kuarteleko buruak esan zuen, berriz ikurrina jarriz gero, gurutzea botako zutela. 1978ko urtarrilaren 1ean, bigarren ikurrina jarri eta hurrengo egunean, hiru eztandaren ondoren gurutzea eraitsita geratu zen.

Julian Unzueta alkatea eta herriko epailea Guardia Zibilaren kuartelera joan ziren azalpen eske, eta bertan eurek eraitsi zutela jakinarazi zieten. Tontor inguruan lehergailu zahar batzuk lurperatuta zeudela argudiatuz, segurtasun arrazoiengatik lehertzeko erabakia hartu zutela jakinarazi zieten.
Herritarrengan haserrea eta harridura ziren nagusi, eta 19:00ak aldera manifestazio baketsu batek herria gurutzatu zuen, Guardia Zibilaren kuartelera heldu arte.  Tentsio uneak ere bizi izan ziren manifestazio bukaeran guardia zibil bat kuarteletik atera eta tiro egin zuenean.

Ez bonbarik, ez minarik

Hurrengo egunean, urtarrilaren 2an, ezohiko bilkura egin zuten Aramaioko udal ordezkariek, eraisketa salatzeko, eta arduradunen aurkako neurriak eskatzeko. Ondoren, Orixol Mendi Elkarteko kideek frogatu zuten gurutzearen eraistea lau hanketatik hirutan nahita jarritako lehergailuak eragin zutela, eta ez lurpeko lehergailu zahar batek. Hiru hanka 20 zentimetrora ebakita zeuden eta laugarrena, aldiz, 55 zentimetrora.
Azkenik, eraitsi eta hiru hilabetera, gaur egun Tellamendin dagoen gurutzea jarri zuten 1977ko martxoaren 5ean, eta hilabete bereko 17an egin zuten inaugurazio ekitaldia. Herritar ugarik parte hartu zuen eta bertan izan ziren 1935ean lehen aldiz gurutzea altxatu zuten kide batzuk ere.

Aramaioko EAJk kaleratutako oharrak zera dio horren harira: “Askatasunaren ikurra zen, euskal aberriaren ikurra zen. Ondo baino hobeto zekiten hori gurutzea lurrera bota zutenek. Hala ere, ondo baino hobeto ikusi zuten herritarren berehalako erantzuna: hiru hilabeteko epean berriro jarri zen zutik gurutzea”.

Martxoan 40 urte beteko dira gurutzea berriro altxa zutenetik, eta Aramaioko Udalak ekitaldi ireki bat antolatzeko asmoa du.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.