"Mondragon Koporazioaren fakturazioaren %0,5 da gure erreklamazioa"

Ubane Madera 2017ko urt. 6a, 10:00
Naiara Herrero eta Ana Iriarte, Ordainduren lokalean.

Urtarrilaren 24an, martitzena, 10:30ean, Bergarako Lehen Auzialdiko Epaitegian, epaiketa aurreko entzunaldia dute Ordaindu eta Eskuratu plataformetako eta Mondragon Korporazioko abokatuek. "Lehenengo, bi aldeen arteko akordioaren alde egingo da. Probak aurkeztu beharko dira, eta beste gai juridiko batzuk landu. Akordiorik ez bada, epaiketarako eguna zehaztuko da", esplikatu du Ordaindu plataformak, borondatezko ekarpenak Fagor Etxetresnetan (FEE) izan eta haren eta Edesaren itxieraren ondoren ekarpen horiek erreklamatzeko korporazioaren kontrako demanda jarri duen plataformetako batek.

Naiara Herrero Ruiz de Viñaspre da kideetako bat (Arrasate, 1977); bost urtez egon zen kooperatiban lanean, harik eta porrot egin arte, hozkailuen sailean lehenengo eta Coprecin gero. Lanpostua eta aurrezkiak galdu ditu. Ana Iriarte da beste kide bat (Zumarraga, 1957); 38 urtez jardun du FEEn lanean. Lanpostuak eta aurrezkiak galdu ditu.

Zelan zaudete epaiketari begira?
Ana Iriarte: Itxaropentsu. Uste dugu arrazoia dugula, eta aurrera egingo dugu.
Naiara Herrero: Nahikoa atzeratu da epaiketa aurreko entzunaldia. 1.000 kaltetu gara (600 pasa Ordaindukoak eta 300 pasa Eskuratukoak) eta 47,8 milioi euro erreklamatuko dizkiogu Mondragon Korporazioari, bi kooperatiben porrotak eragindako kalte-galerengatik.
Zein izango da zuen defentsa?
N.H: Gure demanda oinarritzen da honako maxima juridiko honetan: kaltea eragin duena da ondorioen erantzule. Kasu honetan, Mondragon Korporazioak eragin duen kaltearengatik erantzun egin behar du. Susmoa dugu egin zutela ahal izan zuten guztia denbora batez Fagor Etxetresnak artifizialki bizirik mantentzeko, jakinda ixteko egoeran zegoela, estrategia bat landu eta baliorik handiena zuten aktiboekin geratu ahal izateko: San Andresko eta Garagartzako plantak eta markak. Uste dugu Mondragon Korporazioak lehentasuna eman ziola bere ondare propioa babesteari bazkideen interes legitimoen aurrean. Guk erabateko konfiantza geneukan belaunaldien arteko interkooperazio eta elkartasun idealengan, Mondragon Korporazioak berak erakutsi zizkigunak, eta sekula ere ez genuen pentsatuko horrela engainatu eta abandonatuko gintuztenik.
Hortaz, jarraitzen duzue pentsatzen engainatu egin zintuztetela?
N.H: Bai, noski. Erabateko konfiantza geneukan. Gainera, Fagorren eta Mondragon Korporazioaren arteko harremana ez zen korporazioa osatzen duten bestelako kooperatiben artekoa modukoa. Gure artekoa oso-oso estua zen. Korporazioak esaten zuena sinistu eta bete egiten zen. Haiek ziurtatzen bazuten Fagor ez zebilela txarto eta sostengu ekonomikoa emango ziotela, eta hori da azken unera arte esan zigutena, guk hori sinistu egin genuen eta horregatik ez genuen erretiratu eman genien babes ekonomikoa. Esan behar da elkarteko kideek batez beste 40 urtez lan egin dutela kooperatiban, eta bizitza osoko aurrezkiak direla bertan utzitakoak.
A.I.: Eta gainera, gertatutakoak gertatuta ere, kooperatibista garela sentitzen jarraitzen dugu.
Goiena telebistak eta Puntua-k FEE kasuaren ondorengoko erreportajea kaleratu zuten; tartean, ahots kritiko batzuk zeuden zuen jarrerarekiko. Nola hartzen dituzue kritika horiek?
N.H.: Alustizak dioena da eurak kooperatibetako langileei esaten dabiltzana: guk demanda bat jarri dugula eta eurak (langileak) direla demanda horri erantzun behar diotenak. Guk ez diogu inolako demandarik jarri ez langileei eta ezta Fagor Taldeko enpresei ere. Demanda jarri diogu Mondragon Korporazioari. Engainatu egin gintuztela sentitzen dugulako. Helarazten zizkiguten mezuek ez zuten batere zerikusirik errealitatearekin: esaten ziguten ez zutela sekula kooperatiba erortzen utziko, babes ekonomikoa emango zigutela… Orain esaten dabiltzana da kalte ekonomiko handia eragin behar diegula; eta gure demanda handia da, bai, kaltetu asko garelako, baina argi dugu Mondragon Korporazioarendako ez dela inolako arazo ekonomikoa. Mondragon Korporazioa talde enpresarial bat da, urtean 11.500 milioi euro fakturatzen dituena, eta gure erreklamazioa da zifra horren %0,5. Portzentaje barregarria da, inolako kooperatibaren porrotik eragingo ez duena. Gogora ekarri behar da Mondragon Korporazioa elikatzen dela itzuli beharrik gabeko %5arekin eta dibisio enpresarial bakoitzak ematen dion beste %5arekin. Ez gabiltza eskatzen langileek dirua ipintzea. Hori da Mondragon Korporazioa eta Fagor Taldea esaten dabiltzana. Hori ez gabiltza eskatzen, ezta gutxiago ere.
A.I: Ni FEE-en barruan zegoen Geyserren lanean nenbilen. Geyserren plantaren egoera ona zen. Han helarazi zizkiguten mezuak ziren ez zela zorra birfinantzatzeko arazorik izango, mezu positiboak ziren; esaten ziguten: "Lasai, nobia asko daude. Badakigu inbertitzaile baten beharra dugula, baina lasai…". Seguru aski, hozkailuen planta itxi egin beharko zela, Garagartzako lerro batzuk kendu, aldez aurreko erretiro batzuk egin jendea soberan zegoelako… eta bideragarritasun plan horretarako izango zirela emango zizkiguten 70 milioi euroak. Hori guztia pikutara joan zen gero.
N H.: Baina 70 milioi euroko bideragarritasun planaren truke Mondragon Korporazioak berak eskatu zigun ez erretiratzeko borondatezko ekarpenak, ez erretiratzeko gure aurrezkiak.
A.I. Nik katean lan egiten nuen, ilusioz, gustura, pozik. Ikusten nituen lankide batzuk, akaso, lekuz kanpo… baina, orokorrean, uste nuen jende ona zela, eta esaten zuten horretan sinistu egiten nuen. Ni engainatuta sentitu nintzen eta orain ere engainatuta sentitzen naiz. Halako multinazional baten batzar orokorretan ematen den datu mordoxkarekin eta egiten zuten ingeniaritza finantzarioarekin, ez zara ezerekin ere aklaratzen; ni neu ez, behintzat. Baina Gisasola jaunarekin fidatzen nintzen, gure presidente izan zena eta orduan Mondragon Korporazioan zegoena.
Mondragon Korporazioarekin (Iñigo Uzinekin) lehenengo aldiz elkarrizketa izan duzue. Zuek balorazio positiboa egin zenuten, nahiz eta jarerak oso aldenduta zeuden. Beste mugimendurik egon da zuen edo euren aldetik?
N.H. Iñigo Uzinek esan zigun Goienetxerengana joatea, bera delako Batzorde Iraunkorrek kidea. Hari idazteko. Egin dugu eta erantzun digu ez dela gurekin batzartuko. Nik uste dut Iñigo Uzinek pauso bat aurrera egin duela gurekin berba egitean, eta uste dut berba egitea beti dela ona, are gehiago kooperatiba esparruan, enpresa soziala izanda. Ze gutxiago berba egitea baino. Uzin eredu izan da, ausarta, eta Goienetxek ateak itxi dizkigu. Ez dakit ze beldur izango duten. Gu gertu gaude edozein negoziaziorako, eta nahi duguna da ahalik eta kalte gutxien eragitea, baina ez dago biderik eurekin berba egiteko. Ate guztiak itxi egiten dizkigute eta beraz, ez dugu beste aukerarik.
Adibidez, gertu egongo zinateke erreklamazioaren kopurua jaisteko?
N.H.: Bai, bai. Noski. Gu negoziatzeko gertu gaude uneoro, gure lehentasuna da gure arazoari negoziatutako irtenbidea ematea. Baina uste dut interes desberdinak dituztela MCCko zuzendaritza osatzen dutenen artean.
A: Ez genuen uste horrenbesteraino iritsiko ginenik. Akaso beldur dira arrazoia dugula aitortzeko, uste dutelako bestelako zordunak ere etorriko zaizkiela, eta batak ez du zerkiusirik bestearekin.
N.H.: Ez, ez du zerikusirik, ze guk Mondragon Korporazioarekin genuen harremana erabat desberdina da. Guk egiten genuen eurek esaten zutena.
Udazkenean alderdi politikoekin elkarrizketa erronda egin zenuten. Ze ondorio izan du horrek?
N.H.:Asmoa dugu Legebiltzarrean legez besteko proposamena aurkezteko otsailean. Alderdi politiko guztiekin berba egiten ibili gara. Legez besteko proposamena pasatu behar diegu eta aurekin adostasuna landu, baina oraingoz, guztiek transmititu digute babesa; akaso uzkurrenak EH Bildukoak izan dira, pentsatzen dut Alustizarekin-eta duten harreman emozionalarengatik, baina haiek ere babesa erakutsi digute.
Ze eskatu behar duzue legez besteko proposamenean?
A.I. Mondragon Korporazioarekin negoziatzen ahalegindu gura eta nahi duguna da alderdi politikoek bitartekari lanak egitea. Lehenago ere Leintz ibarreko udaletan mozioak aurkeztu genituen eta guztiek babestu gintuzten. Badakigu gero oso zaila dela telefonoa hartu eta Mondragon Taldeari deitzea…
N.H.: Mondragon Korporazioak elkarrizketarako bideak zabal ditzan eta behar diren tresna guztiak ahalbidetu ditzan nahi dugu, adostasunaren bidetik, lanpostua galdu duten langile guztiak birkokatzeko, desgaitasunarengatik edozein motako diskriminazioak saihestuz, eta bazkideei eta bazkide ohiei kooperatiban ipinitako aurrezkiak bueltatzea, zuzenean negoziatuz eurekin. Laburbilduz, jendea benetan birkokatzea, lanpostu duinekin, eta kalte-ordain egokiekin, eta gure aurrezkiak bueltatzea.
Kolektiboari dagokionez, zein da berau osatzen duten pertsonen egoera?
N.H.:Kontuan hartu behar da jende oso nagusia dagoela bertan. Mugimendu kooperatibistan benetan sinistu duena, eredu sozial horretan sinistu egin duena… eta bapatean, eta gehien behar dutenean aurrezkiak kendu egin dizkietela ikusi dute. Nire kasuan, Lagun Arok kalte ordaina eman zidan gurpildun aulkian geratzearren, eta osorik sartu nuen kooperatiban. Orain geratu naiz kalte-ordain gabe, lanpostu gabe, senarra langabezian eta bi seme-alabarekin.
A.I. Behar handiak dituzten pertsonak daude plataforman, eta orain laguntza behar dutenean nagusiak direlako ez dute dirurik. Bagaude beste batzuk geratu zaigunarekin bizitzeko moduan gaudenak. Ni, adibidez, jasotzen nuen %80aren %80arekin geratu naiz eta moldatzen naiz.
Entzun zen orduan, baita ere, interes ekonomikoarengatik zeneukatela dirua sartuta kooperatiban…
A.I. Edesa eta Fagor itxi aurretik kobratu genituen interesak %4koak izan ziren. Orduan banketxeek ematen zituzten interesak baino puntu bat gehiago zen. Eta ez genituzkeen gure aurrezkiak bertan izango uste izan bagenu diru hori arriskuan zegoela. Kooperatibari onura egiten genion, autofinantzaketarako modu bat zelako.
Epaiketa egin eta epaia zuen kontrakoa bada, zer?
N. H.: Borrokan segituko dugu. Uste dugu gure eskaera bidezkoa dela. Jendeak zer egingo luke egun batetik bestera norberaren aurrezkiak gordeta dituen bankua itxi eta dirua kenduko baliote?
A.I. Ez dugu galtzeko asmorik, eta galtzen badugu, errekurritu egingo dugu.
Eta hala eta guztiz ere, kooperatibista sentitzen segitzen duzue?
A.I. Bai, eredu horretan sinisten dugu. Nik familia dut bertan lanean, Eroskin erosten dut eta dirua Laboral Kutxan dut.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak