Debagoiendarren laguntzari esker jostailu berrien %50a lortu da eta gainerako %50a txekeekin erosteko aukera izango dutela jakinarazi dute Gurutze Gorrikoek. Esker on hitzak dituzte: "Alde batetik, herritarrei parte-hartzea eskertu nahi diegu. Gizarte bazterketa arriskuan dauden 96 familien eta 193 haurren beharrak asebete ditugu herritarren laguntzari esker. Beste alde batetik, eskerrik beroenak Arrasateko Eroskiri hipermerkatuan bertan kanpaina egiten uzteagatik, Arrasateko Ointxe Saskibaloi Taldeari, Ulma fundazioari eta Aretxabaletako Udalari".
Datu onak
Udal bakoitzetik jaso ditugun eskaera guztiei erantzun diete, ondorengo herrietan banatuta: Antzuolan lau eskaera, Aretxabaletan 52, Arrasaten 43, Bergaran 18, Elgetan sei, Eskoriatzan 21 eta Oñatin 49.
Bilketa mahaietan, 98 jostailu berri jaso dituzte eta gainontzeko 95 jostailuak, donazio eta jostailu-txekeen bitartez erosi dira: "Herritarren eta enpresen diru-laguntzei esker eskaera guztiei aurre egitea lortu dugu, horrela Debagoieneko umeak zoriontsu eginez".