Urteko azken egunean Bergaran, Oñatin, Eskoriatzan eta Aretxabaletan egingo dituzte San silvestreak, denetariko estilokoak, gainera. Eskoriatzan IX. Silbestradie egingo dute, VI. Manuel Muñoz Milia sariarekin batera. Goizean haurren txanda izango da (10:30ean hasita). 17:25ean, berriz, brindisa egingo dute, eta 17:30ean hasiko da lasterketa. 18:00etan, Herriko Plazan jarriko den luntxarekin amaituko dute hitzordua.
Iaz Aretxabaletan egin zuten lehenengoz lasterketa, eta harrera polita izan zuen 170 lagunek hartu zuten-eta esku –asko mozorrotuta–. Bada, Eskoriatzan moduan Aretxabaletan ere hilaren 31ko San Silvestrera mozorrotuta joateko eskaera egin dute antolatzaileek (16:45). Goizean Durana kaleko 30 zenbakiko lokalean eman ahal izango da izena (2 euro).
Oñatikoa klasikoetako bat da, San Silbestre 16 ixa 17. Urteak daramatzate lasterketa antolatzen, eta bailarako jendetsuena izan ohi da. Iaz, esaterako, 370 lagunek hartu zuten parte.16:00etan gazteen txanda izango da, eta 16:30ean nagusiena. Izenematea 3 eurokoa da –16:00ak arte Gaztelekuan–.
Eta Bergaran, azkenik, Peugeot Etormobil Saria, San Silbestre Trail probaren hirugarren edizioa antolatuko du Hankaluzek (12:00etan). Urtero moduan mendi lasterketa formatua izango da, eta lasterketa jaio zenetik arrakastatsua izan da, aurtengo ediziorako bi astetan bete zuten 300 lagunendako kupoa.