"Negu nahiko baketsua izango dugula ematen du"

Ander Larrañaga 2016ko abe. 25a, 06:50

Pasa den eguaztenean sartu ginen ofizialki neguan, eta, atzera begira jarrita, urtaro zalantzatsua espero daiteke; izan ere, inoiz baino udazken lehor eta epelagoa igaro ostean, euri apur batekin hasi dugu astea. Kontuak kontu, zerura begira jarri barik, Pello Zabalarekin izan da GOIENA tenporak nola geratu diren eta Debagoienean zelako negura izango den jakiteko.

Aldrebes samarrak izan dira azken asteak giroari dagokionez.

Azken hilabetea dotorea izan da, bai; gauza bat da hiru egun eguzkitsu izatea, baina giro epela jarraian egon da, baita udatik honako gainontzeko hilabeteetan ere. Egia da aurreko astean euri apur bat izan genuela, negu garaian izaten den giro hori, baina aparteko besterik ez da izan. Bestalde, kanpora begira jarrita, gu epel, baina hegoaldean hotz. Andaluzia aldean, esaterako, azkenaldian izan dituzten euriteak ez dira normalak. Hemen gure tenporak gure erara badira, ezin pentsatu han ere hala izango direnik, bestela!

Zer diote, ba, hemengo tenporek eta kontratenporek?

Artzainen arabera, hilaren 14an hasi eta 21ean amaitu ziren kontratenporak eta horiei so eginda negu nahiko baketsua izango dugula ematen du. Tenporak abenduko bigarren astean izan ziren, eta, motzean, ez digute esan aurten aparteko koskarik egongo denik, ezta negu arraro bat izango dugunik ere.

Bestalde, Nafarroan eta Ebro inguruko tenporei erreparatuz, agindutakoa betetzen bada, behintzat, nik uste dut behe-lainoa kendu gabe pasa beharko dutela negu guztia. Han ez dute apenas eguzkirik ikusi. Hori normalean izaten da haize aldaketak oso ahulak izaten direnean.

Eskualdera bueltatuz, beraz, elur gutxi hemen?

Hori ez dago zehatz-mehatz jakiterik: elur-kota estimatzea zaila da. Orain arte antizikloiaren biran izan gara, baina hemen haizeak agintzen du, Pirinioetatik datorrena, hain zuzen ere. Herrietako kaleak ez dakit; mendi tontorrak zurituko dira, seguruenik, baina duela aste batzuk pasatu zena gerta liteke ere: elur gutxi, baina kolpekoa, inork espero ez zuena, alegia. Eguraldia normalean baino kanpoko bidetik badabil zaila da zehaztea zer izango dugun; posible da tenperatura-koska arraroren bat egotea, baina beste mundukorik ez, behintzat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak