Ziurtagiriok abenduaren 19an banatu zituen Iñigo Urkullu lehendakariak, Donostiako Kursaal jauregian egindako ekitaldi baten.
9. urtez banatu dira Bikain ziurtagiriak, eta aurten, 400 lagun inguru batu ziren ekitaldian. Bertan izan ziren, Urkullu lehendakariarekin batera, Kultura eta Hizkuntza Politika sailburu Bingen Zupiria, Enplegu eta Gizarte Politika sailburu Beatriz Artolazabal, Osasun sailburu Jon Darpon, Hizkuntza Politika sailburuorde Patxi Baztarrika eta Confebaskeko lehendakari Roberto Larrañaga, beste batzuen artean.
Denetara, 52 erakundek jaso dute aurten Bikain ziurtagiria. Horietatik 19k urrezkoa jaso dute; 22k, zilarrezkoa, eta 11k, oinarrizko mailari dagokiona.
189 ebaluatzaile
Abenduaren hasieran amaitu zuten bere lana aurtengo 189 profesional ebaluatzaileek, 52 taldetan banatuta. Talde hauek Bikain ebaluazioa eskatu duten erakundeak laguntzeko aritu ziren, kanpo ikuspegia emanez.
Aztertutako dokumentazioarekin eta erakundeko pertsonekin egindako elkarrizketekin, ebaluazio-txostena egin zuten taldeek, euskararen presentzian, erabileran eta kudeaketan erakundeak zuen garapen-mailaren berri emateko (30 bat indargune eta hobekuntza arlorekin).