Hizkuntza Eskubideen Protokoloa sinatu du Goienak

Goiena 2016ko abe. 18a, 11:16

Goiena Komunikazio Taldeak ere sinatu du Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa. Atzo Donostiako Kursaalen egindako ekitaldi "xume eta hunkigarrian", Euskal Herritik eta nazioartetik etorritako ehunka eragile eta herritar batu dira. Horien artean, Tokikom hedabide lokalen elkarteko kideak eta Goienakoak.

Hain justu ere, Goienaren izenean, Iban Arantzan zuzendari nagusiak sinatu du protokoloa. Protokolo honek Hizkuntza eskubideak bermatzeko tresna izan nahi du eta atzo abitu zen.

Protokoloa Kontseiluak eta Donostia Fundazioak sustatutako proiektua da. Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok ekitaldian esan du protokolo hau "ahalduntze historiko baten ariketa praktikoa" dela, Europako hizkuntza gutxituen eskubideak bermatzeko beharraren aurrean gizarte eragileek erakutsi dutelako tresna eraginkorra egiteko gai direla.

Bilbaok nabarmendu du hilabete hauetan guztietan "izugarria" izan dela Europako txoko guztietan topatu duen "elkartasun linguistikoaren grina". Bilbaoren esanetan, parte hartzea izan da protokolo honen arrakastaren giltzarria. "Txikiak izan arren, guztiak batuta, bagarela nor erakutsi dugu". Gaineratu du ospakizunerako egun handia izan zela atzokoa, baina protokoloaren aurkezpenaren ostean, garrantzitsuena dela hizkuntza eskubideak bermatzeko tresna eraginkor bat badela Europan, eta Donostian jarri dela abian.

Kursaal Jauregiak gainezka egin zuen atzo. Ekitaldia baino egun batzuk lehenago gonbidapen guztiak agortuta zeuden. Musika eta dantza, eta hitzartzeak tartekatu ziren ekitaldian, Aureli Argemí eta Maria do Pilar Garcia izan ziren lehenak hitza hartzen. Duela 20 urte biek parte hartu zuten Bartzelonako Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsalaren osatze prozesuan eta ekitaldian gogora ekarri zuten deklarazio hura Donostiako protokoloaren aurrekaria dela.

DSS2016EUren kultur programaren zuzendari Xabi Payak adierazi du Donostiako Protokoloa mugarri garrantzitsua dela Europako bizikidetza eleaniztunerako bidean eta Hizkuntza Eskubideak bermatzeko Protokoloa bezalako egitasmoei esker, Europako Kultur Hiriburuen historian ondo gogoratuko dela Donostiak Europako identitateari hizkuntza aniztasunaren kudeaketa jasangarrian egindako ekarpena.

Protokolo honen gidari Europako sei erakundek osatutako Talde Antolatzailea izan da eta bertako ordezkariek oroigarri bana jaso dute egindako lanarengatik. Joan Mari Torrealdai euskaltzainak euskarak duela mende batzuetatik gaur arte gainditu behar izan dituen zailtasunek erakutsi dioten lezioaz aritu da eta bidea egiteko belaunaldiek, kolektiboek, elkarlanak, auzolanak herrigintzan eta kulturgintzan edo euskalgintzan egindakoa nabarmendu du.

Ostean, oholtzara igo dira Euskal Herritik eta nazioartetik etorritako hamarnaka eragile, horien artean Goienako zuzendari nagusi Iban Arantzabal, eta guztiek protokoloa eskuan hartuta, talde argazkia atera dute. Atzokotik aurrera, protokoloa hartuta, norbera bere hizkuntza komunitatera joanda, Europa anitzagoa, justuagoa eta berdinagoa egiteko esperantzarekin.

Ekitaldiaren amaieran, protagonista guztiek Mikel Laboaren Txoria txori kanta abestu zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak