Banakoarekin amaitu da Estalan jokatutako derbia

Antzuolak eta Bergarak norgehiagoka lehiatua jokatu dute gaur arratsaldean. Joko eta gol aukera gutxi izan dira, baina intentsitatea eta borroka ez dira falta izan. Bigarren zatiaren hasieran korner jaurtiketa baten aurreratu dira etxekoak, eta ordu laurden falta zela berdindu dute Bergararrek penalti baten aldaratzea baliatuz.

Antzuola eta Bergara, 1. erregional mailako 6. taldeko lehen bi taldeak, izan dira nor baino nor gaur arratsaldean jokatutako derbian. Lehen faseko azken partidua zen, eta Antzuolarrak mendeku gosez zeuden. Hamaika partidutan hamar garaipen eta porrot bakarra pilatu dituzte, Bergararen aurka galdutakoa, hain zuzen.

Espero zitekeen bezala, gol aukera gutxiko eta lehia handiko norgehiagoka izan da. Lehen zatian antzuolarrek arriskua sortu dute alboka sakeekin. Kornerrak balira bezala jaurti dituzte, eta gertu eduki dute gola pare bat aldiz. Hala ere, lehen zatiko aukerarik garbiena Bergararrek izan dute 30. minutuaren bueltan. Eskuin hegaleko erdiraketa ezker boleaz errematatu du Iosu Herranek, baina langara joan zaio. 0-0 heldu dira atsedenaldira bi taldeak.

Bigarren zatian heldu dira partiduko bi golak, biak estrategia jokaldietan. Hasi eta gutxira, eskuinaldetik ateratako korner batean aurreratu dira Antzuolakoak. Julian Ramirezen errematea hainbat jokalariren artetik pasa da, eta atezainak ezin izan du baloia gelditu.

Bazirudien partidua 1-0arekin amaituko zela, baina Bergararrek ez dute amorerik eman, eta ordu laurden falta zenean lortu dute berdinketa. Ezker hegaletik egindako jokaldi batean, baloiak Markel Lete atzelariaren esku jo du eta epaileak penaltya adierazi du. Area ertzean izan arren, epaileak ez du zalantzarik izan. Hamaika metroetatik Aitor Lazkano kapitainak egin du jaurtiketa. Eskuinaldera eta behera jaurti du gogor, baina Antzuolako atezainak gelditu itzela egin dio. Aldaratzea Lazkanori berari heldu zaio, eta buruz egindako errematearekin baloia sareratzea lortu du.

Azken txanpan Antzuolarrek bi gol aukera izan dituzte, Oxel Apraizek eta Ibai Zabalok egindako bi jaurtiketekin, baina markagailua ez da aldatu. Amaieran puntu banaketa Antzuola eta Bergararen artean. Emaitza justua, bi taldeen merituak kontuan hartuz gero.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.