Goi-mailako pilota partidua izan zen atzo Oñatiko Zubikoa frontoian, eta aspaldiko partez Debagoieneko bi pilotarirekin. Oñatiko zaletuek ez zuten hutsik egin eta frontoiko harmailak bete zituzten partidu berezia gertutik bizitzeko.
Lehen tantoetan abantaila hartzen ziren faboritoak. Nahiz eta tarte horretan Rezustak pilotaren edo beste galdu, 7-2 aurreratu ziren. Hasieratik 40 edo 30 ehuni eskaini arren, artekariek ez zuten lanik eduki eta faboritoak hasieratik menderatzen hasi zirela ikusita, are gutxiago.
Baina ikusleak pilota gosez zeuden, eta Mendizabal partidua orekatzeko lanean hasi zen. Asko arriskatu zuen, eta urrutitik airez sartuta min egiten hasi zitzaion Irribarriari. Pixkanaka markagailua txukundu zuen bikote urdinak, eta partidua berdintzeko hiru aukera izan zituzten (8-7, 9-8, 10-9). Lehen biak galdu ostean, hirugarrenean partidua 10-10 berdintzea lortu zuen Mendizabalek, txokotik sakea egin eta Rezustaren erantzuna txokoan goxo moztuz.
Berdinketaren ostean lau tantoko aldea lortu zuten gorriek, euren kolpe indartsuarekin tantoak menderatuz. Baina urdinek ez zuten amore emateko gogorik eta Mendizabalen ausardiari esker 14-13 gerturatu ziren. Orduan galdu zuen partiduko lehen pilota Mendizabalek, eta sakea eta pilota berreskuratu ostean 15-13tik 21-13ra joan ziren zuzenean Irribarria eta Rezusta. Tarte horretan Tolosak zailtasunak izan zituen bikote gorriaren pilotakadei eusteko, eta nekearen eraginez hainbat pilota galdu zituen.
Dena galduta zegoela zirudienean, markagailua ahalik eta gehien txukuntzen saiatu zen bikote urdina eta lau tanto egin zituzten erreskadan. Era honetako txapelketatan garrantzitsua da ahalik eta puntu gehien pilatzea, eta hori jakinik, azken unera arte aritu ziren lanean Mendizabal eta Tolosa. Azkenean, pronostikoak beteta, Irribarria eta Rezusta garaile, eta hirutik hiru garaipen eskuratuta, sailkapeneko lehen postuari eutsiko diote.
Datorren astean, bigarren sailkatuak diren Olaizola eta Untoria izango dituzte aurkari. Mendizabalek aldiz, beste partidu bat gehiago jokatuko du, oraingoan Abel Barriola atzean izango duelarik. Bere maila eta abilezia erakusten saiatuko da Elezkano eta Zabaleta bikotea menderatzeko.