Gipuzkoako Ogasun eta Finantza diputatua, Jabier Larrañaga, pozik agertu da eguaztenean Batzar Nagusiek langileen parte-hartzea bultzatzeko Foru Araua onartu izateagatik. “Berri ona da, ekimenak gure enpresa ehuna indartzen baitu, enpresak errotu eta talentua eustearen alde eginez”, adierazi du.
Ekimenak Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) eta Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergetan langileen partaidetza sustatzeko hobariak ezarri eta oztopoak kentzen ditu.
Deslokalizazioen aurkako neurria
Diputatuak erabakiaren garrantzian jarri du azpimarra: “Aurrerapauso bat da”, adierazi du, aurreikusten diren eragin positiboetan erreparatuz. “Alde batetik, erabaki guneak lurraldean sustraitzea, deslokalizazioei aurre hartzeko eragile gisa”, esan du. “Eta honi lotuta, langileak enpresaren kudeaketa eta erabaki estrategikoen partaide egitea, konpainiaren lehiakortasuna hobetuz”, gehitu du.
Batzar Nagusietan jasotako babesaren inguruan, diputatuak esker oneko hitzak izan ditu beste batzarkide taldeekiko. “Akordio eremuak sortzeko esfortzua egin da alde guztietatik, elkarrizketa ardatz, eta nahiz eta erabateko akordioa ezin izen den erdietsi saiakera eskertu behar da”, azaldu du Larrañagak.
Abantaila fiskalak
Proiektuak enpresari saltzaile zein enpresako langileentzat erakargarri egin nahi du eskualdatzearen bidea, PFEZean zentzu honetako aldaketak txertatuz.
Transmititzen duenaren ikuspuntutik, adin muga jaisten da 65 urtetik 60ra, eta salmentatik eratorritako irabaziak salbuetsita egoten jarraituko da PFEZaren ondare irabazian (kanpoko erosle bati saltzean ez bezala).
Enpresako langile guztiei aurretiazko eskaintza egiteko beharkizuna ere ezabatu egiten da, orain arte mota honetako eskualdatzeentzat oztopo baitzen, eta langileek osatutako enpresa bati saltzea ere posible izango da.
Langileentzat, bere aldetik, %15eko kenkaria ezartzen da kuotan, eta urteko muga 1.500 eurokoa izango da gizonen kasuan, 2.000 eurokoa emakumeenean. Muga gainditu izanagatik edota kuota osoa txikiegia delako kendu ez diren kantitateak hurrengo lau ekitaldietan erabili ahal izango dira, 6.000 euroko muga arte gizonezkoen kasuan eta 8.000 arte emakumeenean.
Epeei dagokionez, langileek salmentaren aurreko bost urtetatik gutxienez hirutan jardunda izan beharko dute enpresan lanean, eskualdatzearen ostean, akzio edo partaidetzak hurrengo bost urtetan mantendu beharko dituzte. “Ezberdintasun errealitate bat oinarri dugularik, neurri hauen helburua da langileek enpresetan parte hartzeko prozesuan genero berdintasuna sustatzea, eta horrekin emakumeen enpresetako zuzendaritza organoetako partaidetzan aurrera egitea”, adierazi du Larrañagak.