Sahararen aldeko XIII. karabana abiatu du Bubisherrek Debagoienean

Aurten, gainera, Bergaratik harago zabaldu dute Piztu Itxaropena izena duen kanpaina, eta Debagoieneko eskualdea osatzen dituzten hainbat herrik ere parte hartuko dute.

Beste urte batez, Bubisherrek, Bergarako Sahararen aldeko elkarteak, eta Bergarako Udalak, Sahararen aldeko 13. Euskal Karabana abiarazi dute. Eskualde mailako Saharaldeba, saharar elkartekoekin elkarlana abiarazi dute, kanpaina honetan guztien artean lan talde dinamiko bat osatuz.

"Errefuxiatuen kokalekua eta eremu haren egoera berezia dela-eta, saharar errefuxiatuek Tindoufeko (Aljeria)
kanpalekuetan bizirik irauteko ezinbestekoa da kanpotik datorren laguntza. Tindoufeko errefuxiatu kanpalekuetan, baldintza penagarrietan bizi dira, eta osasun arazo handiak sortzen ari zaizkie, batez ere, 5 urtetik beherako umeei eta haurdun eta bularra ematen ari diren emakumeei", azaldu du Bubisher elkarteak

"Era berean, Saharar Emakumeen Batasun Nazionalak emakumeentzako oinarrizko eta ezinbesteko garbitasun gaia denez konpresen beharra berretsi du. Helburu hauek betetzeko asmoz, Euskal Herriko herrietan janariak (arroza, pasta, azukrea, lekaleak, hegaluzea eta sardinak oliotan) eta garbitasun gaiak (konpresak) biltzea aurreikusi da; eta guztia karabanan garraiatzeko bigarren eskuko kamioiak erostea ere. 2017ko otsailean Donostiatik irtengo da karabana, saharar herriari ahalik eta elikagai gehien eramateko", azaldu dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.