2017rako Gipuzkoako Foru Aldundiko aurrekontuak onartzeko beste pauso bat

22 baiezko eta 28 ezezko jaso ditu Gipuzkoako Foru Aldundiko aurrekontuen gainean EH Bilduk eta Ahal Duguk jarritako osoko zuzenketak, eta ondorioz, aurrekontuek euren bidea jarraituko dute.

2017rako Gipuzkoako Aurrekontuen proiektua foru-gobernuari ez itzultzea erabaki dute Batzar Nagusiek gaurko osoko bilkuran, EH Bildu eta Ahal Dugu batzarkide taldeek jarritako osoko zuzenketen eztabaida egin eta gero. Ondorioz, bere bidea egingo du Aurrekontuen proiektuak ganbera honetan.

Aurrekontuen itzulketari buruzko bozketaren emaitza: 22 baiezko eta 28 ezezko.

Gipuzkoako Lurralde Historikoaren 2017. urterako Aurrekontu Orokorren Foru Arau proiektuaren inguruko zatikako zuzenketen eztabaida eta irizpena ematea ostiralean izango da, abenduak 16, 09:30ean hasiko den Ogasun eta Finantza batzordean, eta azken osoko bilkura, abenduaren 23an izango da.

EH Bildu: "Ez ditu herritarron arazoak konpontzen"

EH Bilduko bozeramaile Xabier Olanoren hitzetan, “Gipuzkoan behar handiak daude, bereziki enplegu duinari eta gizarte politikei dagokienean, eta gipuzkoarren beharrak asetzeko tresna eraginkorra izan beharko lukeen Aurrekontu Proiektuak ez ditu konpontzen herritarron arazo larrienak. Ezta urrunetik ere”.

Koalizioak prentsa oharra bidali du bere iritzia jakinarazteko. EH Bilduren esanetan, "proiektua hobetzeko borondatea adierazi arren, EAJ-PSEren erantzuna ezezkoa izan da, ez baitago prest murrizketa sozialak bertan behera uzteko; ez enplegu duina sustatzeko, ezta zerga-erreforma progresiboa egiteko. Aldiz, Foru Gobernuak PPrekin adostu omen ditu 17 zuzenketa". Xabier Olanok honako hau esan du: "Eskuin espainolak eta eskuin abertzaleak interes berdinak defendatzen dituzte".

Ahal Dugu: "Autokonplazentzia islatzen dute aurrekontuok"

Ahal Dugu alderdiak ere prentsa oharra bidali du. Bere iritziz, aurrekontu proiektuak foru gobernuaren “autokonplazentzia” islatzen du eta “existitzen ez den Gipuzkoa baterantz” doa. PSE ere kritikatzen du: “PSEren arrastorik ez da igartzen aurrekontuetan, EAJren barruan gero eta diluituagoa baitago”.

Ahal Duguren iritziz, Gipuzkoako familia “gehiegi” bizi dira “larrialdi egoeran” eta haien egoerari “ez zaio atenditzen” aurrekontu horiekin.

Ahal Duguren bozeramaile Juantxo Iturriak esan duenez, “krisia bukatu den mezua” bidaltzen dute aurrekontuek. “BPGren eta ekonomiaren hazkundearen prezioa izan da murrizketa sozialak, lan-eskubideen murrizketak eta gipuzkoar askoren egoera ekonomikoa okertzea”.

PSE: "Elkartasun proiektua da"

PSEren bozeramaile Susana Gartziak esan du aurrekontuok “elkartasunerako eta Gipuzkoaren ekonomia oneratzeko” direla, eta “herritarren benetako arazoak konpondu” nahi dituztela.

PP: "Gipuzkoarrek paktua nahi dute"

PPko batzarkide Juan Carlos Canok aurrekontuak bueltatzearen aurka bozkatu du, eta esan du bere taldeak aurkeztutako 17 emendakin-multzo batek foru gobernuaren “oniritzia” duela aurrekontuetan haiek sartzeko. Bere esanetan, “gipuzkoarrek mestizaia politikoa eta paktua nahi dute, eta horregatik PPk ateak ireki dizkio exekutiboarekin negoziatzeari”.

EAJren prokuradore Maria Eugenia Arrizabalagak EH Bilduri eta Ahal Duguri galdegin die “postureoaz gaindi, esan dezatela non dauden ustezko murrizketak politika sozialetan; ez daude”.

Erlazionatuak

Aldundiak dio Gizarte politikei eta ekonomia sustapenari "lehentasuna" eman diela 2017ko aurrekontuetan

Debagoiena

Markel Olanok Gipuzkoako diputatu nagusiak 2017ko Foru aurrekontuak aurkeztu ditu. Aldundiaren esanetan, ekonomia sustapena eta gizarte politikak d...

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.