"Lehenengo zatian ez gara ondo egon. Guk baino intentsitate handiagoz jokatu dute eurek, eta gainera, oso kalitate oneko jokalariak ditu Santurtzik. Gaur asko ikasi dugu kantxan", adierazi zuen partidu amaieran Imanol Zeziagak.
Ez zitzaion arrazoirik falta arrasatearrari. MU talde azkarra da, baina Santurtzikoek erakutsi zuten azkar eta ondo zelan jokatu. Kontraeraso azkarrak egiten zituzten, Jon Betolaza joko antolatzailea tximista moduan ibili zen kantxan, MUkoek nekez egin ahal izan zuten jaurtiketa garbi bat, kontrarioek taldea itotzea lortu zuten. Eta, jaurtiketa guztiak behartuta egiten direnean zaila izaten da uztaian asmatzea.
Lehenengo laurdena 14-17koarekin amaitu zen, baina bigarrenean 12 gora joan zen Santurtzi (30-42). Kanpoko jaurtiketetan bizkaitarrek min egin zuten, batez ere Joseba Iglesiasek (17 puntu) eta aldea poliki-poliki handitzen joan zen, markagailuari buelta ematea ezinezkoa zela jabetu ziren arte. 41-60koarekin hasi zuten hirugarren laurdena, eta 10 minutu horietan Arrasatekoek 11 puntu baino ez zituzten egin, jokoa bera ere asko trabatu zelako. Eta, laugarrena ere ildo beretik joan zen (15-18ko partziala), aldea txikitzeko inongo aukera barik. Hor, Arrasateko hainbat jokalarik haserre amaitu zuten epaileen lanaz; ez zuen norgehiagoka baldintzatu, ezta gutxiago ere, baina erabaki asko erraztasun handiz hartu zituzten, batez ere etxekoen kontrakoak: "Hor ere EBA moduko kategorian errespetua irabazi beharko dugu".
Datorren astean, Ardoi
Datorren astean MUk ostera ere jokatuko du etxean, oraingoan Ardoiren kontra: "Hori ere kontrario gogorra da, baina etxean jokatuta intentsitate handiagoz jokatu behar dugu. Arlo fisikoan ezin dira gu baino gehiago izan", adierazi zuen Zeziagak.
Bihar, astelehena, Harmailatik saioan laburpen osoa (22:00).