Arrasatear bat eta antzuolar bat nor baino nor gehiago. Batetik, Aranguneko lehoia, Enrike Pagoaga. Eta bestetik, Urrutiko tigrea, Balentin Agirre. Halaxe aurkeztu dituzte bi lagunak ikusleen aurrean, txalo artean. Egin beharreko lana, Eskoriatzatik ekarritako bi behi jetzi behar zituzten, Gorri eta Txata. Bakoitzarekin 5 minutuko tartea egin behar zuten, eta ondoren behiz aldatu.
Pagoagak hasieratik hartu du abantaila, Gorri-k askoz ere esne gehiago ematen zuelako, baina behiz aldatu dutenean Arrasatekoa Txata-rekin ere ondo moldatu da. Bigarren txandan Balentzin Agirrek aldea txikitu du, baina ez da lehia parekatzeko nahikoa izan. Hala, 7 litro batuta Pagoagak irabazi du apustua –4,5 litro batu ditu Agirrek–.
Apustuak ikusmin handia piztu du herritarren artean, eta honezkero –bazkaltzera joan dira ondoren– errebantxa noiz egin ere erabakita izango dute. Pagoagak, baina, garaipenaren aurrea zera adierazi du: "Denok irabazi dugu gaur, gazteek esnea nondik datorren ere ez dakitelako, eta ofizio hau askoren aurrean erakutsi ahal izan dugu. Horregatik gaude pozik".
Apustuak bat egin du Kalera-Kalera preso ohien itxierarekin eta urtarrilaren 14ko manifestazioarekin.