Expansion-ek Datosmacro.com-en bitartez landu ditu langabezia datuak Hego Euskal Herriko eta Espainiako udalerri guztietarako. Erreportajea abenduaren 3an argitaratu zuen eta bere webgunean dago ikusgai.
Udalerriak biztanle kopuruaren arabera multzokatu dituzte, “konparaketa homogeneoa izateko”. Hala, 40.000 biztanle baino gehiago, 10.000-40.000 biztanle artean, 1.000 eta 10.000 biztanle artean eta 1.000 baino gutxiago dituzten udalerriak elkarrekin konparatu dituzte.
10.000 eta 40.000 biztanle arteko udalerrien artean, langabezia txikiena Balear Uharteetako Formenterak dauka: %5,85; gero, Soller, Uharteetan ere (%6,13); Torrelodones, Madrilen (%6,40), Sant Just Desvern, Katalunian (%7,01), eta Oñati (%7,05).
10.000 baino gutxiago eta 1.000 baino gehiago dituzten udalerrien artean, Hego Euskal Herrian eta Espainian ez dago Aramaiok baino langabezia txikiagorik duen herririk: %2,51 da tasa. Segidan doaz Bujaraloz (Aragoi), %3,75; Viladrau (Katalunia), %3,80; Sallent de Gallego (Aragoi), %3,92; eta Leciñena (Aragoi), %4,08.
Oñatiko Enparantza eta udaletxea.
Hobekuntza 2012tik hona
Udalerri bakoitzaren langabezia datuaz gain, azken 11 urteotako eboluzioaren berri ere ematen du webguneak, eta krisiaren urte gogorrenak pasa direla ematen du, izan ere, gehienetan, langabeziak txarrera egiten du 2012an, eta orduz geroztik beheranzko joera erakusten du. Hala, Oñatiren kasuan, 2012an, %9,05eko langabezia zuen; Aramaiok %4,70eko langabezia izan zuen urte hartan.
Euskal Autonomia Erkidegoan, betiere lanketa horren arabera, 40.000 biztanletik gora langabezia tasa txikiena duen udalerria Donostia da: %10,02; eta gehien duena, Santurtzi (%17,53). Langabezia gehien duten bost udalerri handiak Bizkaikoak dira: Bilbo (%16,83), Basauri (%16,82), Barakaldo (%16,45) eta Portugalete (%16,03).
10.000 eta 40.000 biztanle arteko udalerrien artean, langabezia gehien dute Sestaok (%22,10), Trapagaranek (%15,15), Eibarrek (%15,01), Erandiok (%14,97) eta Laudiok (%14,80); eta gutxien, Oñatik (%7,05), Oiartzunek (%8,15), Hondarribiak (%9,16), Zarautzek (%9,19) eta Beasainek (%9,44).
1.000 eta 10.000 biztanle arteko udalerrietan, langabezia gehien dutenak honako hauek dira: Oion (%22,45), Alonsotegi (%19,32), Balmaseda (%18,88), Gueñes (%17,72) eta Zalla (%17,45); gutxien, Aramaio (%2,51), Zigoitia (%4,25), Zeanuri (%5,52), Zuia (%5,73) eta Orozko (%5,87).
Azkenik, 1.000 biztanle baino gutxiago duten udalerrietatik, honako hauek dira langabezia altuena dutenak: Lanestosa (%16,03), Elantxobe (%14,62), Turtzioz (%13,90), Artzentales (%13,44) eta Galdames (%13,30); eta txikiena, hauek: Orexa (%0), Gizaburuaga (%0,98), Kripan (%1,08), Mañueta (%2,50) eta Navaridas (%3,03).
Nafarroan, 40.000 biztanletik gorako udalerri bakarra dago, Iruñea: %14,47 langabezia tasa dauka. 10.000 eta 40.000 biztanle arteko herrien artean, Tuterak dauka langabezia handiena: %15,41, eta txikiena, Zizur Nagusiak (%9,28). 1.000 eta 10.000 biztanle arteko udalerrietatik, langabezia handiena du Castejonek (%20,71); txikiena, Zizurrek (%5,82). 1.000 biztanle baino gutxiagoko herrietatik langabezia handiena du Ziritzak (%25,61), eta txikiena, Piedramillerak (%0).
Espainiako langabezia handiena, Andaluzian eta Gaztela-Mantxan
Espainiari dagokionez, 40.000 biztanletik gorako langabezia handieneko udalerria Sanlucar de Barrameda da, Cadizen (%38,27); txikiena Pozuelo de Alarconek dauka (%6,14). 10.000 eta 40.000 biztanle arteko langabezia handieneko udalerria Barbate da, Cadizen (%45,51); txikiena, Formentera, Balearretan (%5,85); 1.000 eta 10.000 biztanleko udalerrien artean, langabezia handiena Toledoko Cebolla herriari dagokio (%47,91); txikiena, Aramaiori (%2,51); eta 1.000 biztanletik beherako herrien artean, langabezia handiena dauka Caceresco Campillo de Deleitosak (%72,78), eta txikiena, %0, Guadalajarako Membrillerari dagokio.