Debagoieneko sortzaileak eta bestelako protagonistak izango dira gaur ere Landakogunean. Fermin Etxegoien Oñatiko idazle eta kazetariak, Areto Nagusian izango diren bi solasaldi gidatuko ditu: 12:30etan, Istorio bat... nola asmatu izenburuan duena eta Harkaitz Cano idazlea eta Lara Izagirre zinegileak parte hartuko dutena; eta, 18:30ean, Edukiontziak nola bete mahai ingurua Nerea Filate (Katakrak) eta BIBA elkarteko kideekin.
Arrasateko Txatxilipurdi elkartekoak ere Kulturarren Plazan izango dira gaur; Saguganbara gunean, Pareko Sormena eta hizkuntza lantzeko mahai jolasa aurkeztuko dute, 18:00etan, areto txikian. 6 urtetik aurrerako gazteei zuzendutakoa da.
Aipatutako ekitaldiez gainera, gune guztietan izango da gaur ere non gozatu. Kabi@n Komunitatatearen Eguna izango da. Ahotsenea zuzenekoak gunean, berriz, Perlak; Lauroba; Etxe; Izaro eta beste hainbat musika proiketu berrien aurkezpenak egingo dituzte. Irudienean, aurtengo Kameratoia lehiaketako sariak banatuko dituzte 18:00etan. Szenatokian ere eskaintza potoloa izango da gaur ere: Francoren bilobari gutuna antzezlanaren saio bikoitza egingo dute: 12:30ean eta 18:00etan. Arratsalderako sarreak agortuta daude, baina, goizerako geratzen dira oraindik.
Debagoieneko sortzaileak
Asko izan dira egunotan Azokan izan diren debagoiendarrak; argitaratu berri dituzten lanak aurkezten eta saltzen joandakoak horien artean. Atzo, astelehena, Gaztelupeko Hotsak diskoetxearen standean izan zen Aretxabaletako Igor San Juan eta Huntza taldekoak, berriz, -tartean Arrasateko Peru Altube bateriajolea- Mauka Musikagintzakoan. Era berean, asko izan dira Goienak kudeatzen duen Azoka Telebistako platotik pasatu diren sortzaileak.