Aipatutakoez gainera, askotariko aurkezpen gehiago egingo dituzte gaur, horien artean, Areto nagusian, 14:00etan, Euskal Hedabideen behategiari buruzko mahai-ingurua egingo dutena; han izango da Mondragon Unibertsitateko ordezkari bat, EHU-UPV, Deustuko Unibertsitateko eta Hekimen elkarteko ordezkariekin batera.
Era berean, antzerkiaz gozatzeko eskaintza zabala izango da gaur, antzerki maratoia ari dira egiten Szenatokia gunean. Gazteen artean zeresan handia sortu duen Go!azen telesailaren laugarren kapitulua estreinatuko dute 19:00ean. Leihatila 18:00etan zabalduko dute eta lehenengo 100 lagunek izango dute aretoan sartzeko aukera.
Stand-etan ere debagoiendarrak
Juan Karlos Irizarrek laugarren eguna du Azokan eta Azokak ateak itxi bitartean egunero izango da han, besteak beste, argitaratu berri duen Izarra lanarekin. Autoekoizleen standean da, berriz, Josune Murgoitio arrasatearra Colores Prohibidos eleberriarekin. John Andueza arrasatearrak ere makina bat, berriz, Elkarren standean izango da gaur, Lepoan hartu gazteendako liburu berria eskuetan duela.